Gaztelekuko eta ludoteketako hezitzaileek saio bana egingo dute haur eta nerabeen gurasoekin

Nerea Uranga 2023ko aza. 27a, 11:25
Aurreko ikasturteko guraso eskoletako saio bat. (Nerea Uranga)

Nerabeen gurasoekin aurreko ikasturtean hasitako ibilbideari segida eman nahi dio Azpeitiko Udalak, eta ludoteketekoekin antzeko ibilbidea hasiko dute. Gaztelekuko nahiz ludoteketako hezitzaileak haur eta nerabeen gurasoekin elkartuko dira, informazioa elkartrukatzeko.

Nerabeen gurasoekin ibilbide bat hasi zuen Azpeitiko Udalak aurreko ikasturtean, eta hainbat saio egin zituzten honako helburuekin: alde batetik, Gaztelekuko hezitzaileen eta nerabeen gurasoen arteko elkar ezagutza ahalbidetzeko; eta bestetik, informazioa trukatzeko aukera emateko. Gainera, nerabeen gurasoek izan zitzaketen beharrak identifikatu nahi zituzten.

Hainbat bilera zein formazio saio egin ondoren, eta gurasoen eta Gaztelekuko hezitzaileen arteko topagune baten beharra zegoela ikusita, behar hori asetzeko lanean hasi da udala, eta hil honetan saio bat antolatu du. Bihar, asteartea, izango da saio hori, 18:00etan, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Saio horretan parte hartzeko aurrez izena eman dezakete gurasoek lotura honetan. Aurrez izena ematea ez da ezinbestekoa.

Ludoteketako hezitzaileek ere antzeko ibilbide bati ekingo diote, eta LH4, 5 eta 6ko ikasleen gurasoei zuzendutako saioak egingo dituzte. Aurreneko saioa abenduaren 4an, (astelehena) izango da, 18:00etan, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Bilerara joateko aurrez izena emateko aukera jarri du udalak, lotura honetan. Ez da ezinbestekoa izango aurrez izena ematea.

Bi saioak euskaraz izango dira, baina itzultzaile zerbitzua ere jarriko dute, baina hori behar dutenek aurretik eskatu beharko dute.