Xabier Aranburu 'Guzta'-k irabazi du Gipuzkoako Harri Handien Txapelketa

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 19a, 17:04
Xabier Aranburu 'Guzta' lehian, atzo, Zizurkilen. (Tolosaldeko Ataria)

Urrestillan bizi den idiazabaldarrak aurrez aurre izan zituen bost lehiakideak gainditu zituen atzo Zizurkilen. 4.525 kilo batu zituen guztira, laukizunena bost aldiz, zilindroa zazpi aldiz, kubikoa beste zazpitan eta bola hamar aldiz altxatu ondoren.

Gipuzkoako Harri Handien txapela jantzi zuen atzo, Zizurkilen, Xabier Aranburu Guztak. Sei harri jasotzaile lehiatu ziren 2023ko txapelaren bila Intxaur pilotalekuan: Aimar Galarraga, Gari Garmendia, Imanol Royo, Jon Unanue Goenatxo III.a, Guzta bera eta Julen Diaz -azken hori gonbidatu gisa, arabarra baita–. Urrestillan bizi den idiazabaldarra izan zen txapelketan jaso behar izan zituzten lau harriak batuta kilo gehien altxatzea lortu zuena: 4.525 kilo batu zituen guztira txapeldunak, laukizunena bost aldiz, zilindroa zazpi aldiz, kubikoa beste zazpitan eta bola hamar aldiz altxatu ondoren.

Beste idiazabaldar batentzat, Garmendiarentzat, izan zen bigarren tokia, 4.375 kilorekin; laukizuzenari lau altxaldi, zilindroari sei, kubikoari beste sei eta bolari hamahiru eman zizkion txapeldunordeak. Aimar Galarraga oriotarrak osatu zuen txapelketaren podiuma, nahiz eta lehian denera laugarren sailkatu zen, Diazen atzetik; laukizuzena lau aldiz, zilindroa sei aldiz, kubikoa beste seitan eta bola hamar aldiz altxatuta, 4.000 kilo batu zituen Galarragak, Diazek baino 25 gutxiago.

Goenatxok, berriz, ezin izan zituen lanak bukatu. Laukizuzena eta zilindroa besterik ez zituen altxatu azkoitiarrak, lehia utzi aurretik.