Erretratua

Patxi Juaristi: "Jakintza guztiak guk uste baino transbertsalagoak dira"

Leire Ibar 2023ko abe. 2a, 08:47
Patxi Juaristiren erretratua. (Olatz Alkorta)

Ingeniaria da lanbidez Patxi Juaristi, baina Ilustrazio Zientifikoan masterra egin du, baita sari bat lortu ere ilustrazio batekin. Bateko zein besteko jakintzak uztartzea atsegin du, eta lotura horrek sorkuntza aberasteko balio duela uste du. Berea da Erretratua azaroko Uztarria aldizkarian.

Ofizioz ingeniaria bada ere, ikasketa prozesua zabaltzeko hautua egin zuen iaz Patxi Juaristik (Azpeitia, 1985). Horrela, Ilustrazio Zientifikoan masterra gauzatu zuen, itxura batera bere ofizioarekin inongo zerikusirik ez duen adar batera salto eginez. "Betitik gustatu izan zait irudiekin esperimentatzea. Beti izan naiz lardaskatzea gustatu izan zaion pertsona, asko sakondu gabe, baina denetik pixka bat egitea gustatu zaiona". Ikasketa prozesuaren bitartez ohartu da gustukoak dituen bi alor uztartzea lortu duela ilustrazio zientifikoaren bitartez. Ikuspegi oso teknikoa duelako, alde batetik, eta sortzeko ahalmena ematen duelako, bestetik.

Zientziak interes berezia sortu izan dio beti azpeitiarrari. Ilustrazio Zientifikoan masterra gauzatzen ari zen lagun baten bidez eman zuen ikasketa horiek egikaritzen hasteko pausoa. Masterrean, modu analogikoko zein digitaleko hainbat teknika ezagutu ditu. Gainera, sortutako piezak hainbat esparrutan aplikatu daitezkeela adierazi du Juaristik. Ezagunak diren fauna eta floratik askoz haratago doa masterrean lantzen dena, Juaristik azaldu duenez. Astronomia, arkeologia, biologia, geologia zein paleontologia izan dira azpeitiarrak landu dituen arloetako batzuk. "Esparru pila batean jarduteko aukera izan dut, hori oso dibertigarria izan da niretzat". Ilustrazio zientifiko bat sortzeak aurrez landuko den gai espezifikoaren inguruko dokumentazio lana egitea dakar. "Jakintza prozesuak berak ere jarraitu egiten du ilustrazioaren planteamendua egin ostean. Izan ere, beharrezkoa da adituengana jotzea eta kontsultak egitea". Arkeologian, esaterako, beharrezkoa da arkeologiako lanak nola egin diren jakitea, horren arabera egingo baita birsortzea. "Elkarlana ere ezinbestekoa da, baita bakoitzaren gogoa ere, gaiaren inguruan dokumentatzeko, ikasteko eta gauzak ahalik eta zehatzen egiteko". Gogoko dituen bi aspektuen arteko "erdiko puntu" gisa definitu du Juaristik ilustrazio zientifikoa. "Ez delako marraztea bakarrik, prozesu osoa delako".

"Izugarri" ikasi duela adierazi badu ere, onartu du hasiera batean oso gauza konplexuak iruditzen zitzaizkiola aurkeztutako proiektuak. "Inondik inora ere ez nuen uste hori egiteko gai izango nintzenik, oso galduta ikusten nuen neure burua zenbait aspektutan". Harridura berberaz hartu zuen otsailean Plentziako Itsas Estazioak eta EHUko Ilustrazio Zientifikoa graduondokoak antolatutako Ilustrazio Zientifikoaren Lehiaketa irabazi izana. Adierazi du lan eta ordu askoren fruitua izan dela lortutakoa. "Masterra egiten hasi nintzenean esan bazidaten saria jasoko nuela, ez nukeen sinetsiko". Izan ere, aurretiaz ilustrazio eta irudien mundutik bazetorren ere –bere buruarentzako zirriborro eta stencilak egitetik–, erronka bat izan da azpeitiarrarentzat klasera joan eta presiopean lan egitea.

Patxi Juaristi. (Leire Ibar)

Irudia buruan duela egin izan du beti lan Juaristik, eta horri estuki lotuta dago ilustrazio zientifikoaren xedea hain zuzen, datuak erakusteko ahalik eta elementu bisual egokiena lortzea baita helburua. Orokorrean bi multzo nagusitan sailkatzen dira ilustrazio horiek. Batetik, zientziaren barruan kokatzen direnak daude, zientifikotik zientifikora datuak erakusteko egiten diren irudiak. Horiek oso-oso zehatzak izan behar dute eta kode mugatu batzuk bete behar izaten dituzte. Oso metodologia garbia izan behar dute irudi horiek, ikerkuntzarako erabiliko diren irudiak direlako. Hortik behera bestelako abaniko osoa irekitzen da. Bestetik, dibulgaziorako helburua duten irudiak daude. Horietan erakargarritasunak pisu handiagoa hartzen du zehaztasunak baino, nahiz eta transmititzen den horrek ideia faltsurik ezin duen eman.

Ideia zehatz bat transmititu behar behar bada ere, pentsatu beharra dago nola transmitituko den. Dibertigarria den buruhaustea dago hor Juaristirentzat. "Stencila badirudi sormenerako askeagoa dela, gaia librea delako eta ez dauzkazulako helburu batzuk bete beharrik. Baina, stencilak ere muga batzuk jartzen dizkizu, kalean egiteak edota teknikak berak jartzen dituen mugak. Ilustrazio zientifikoa egiterakoan, zehaztasun horren barruan sormena beste gauza batzuetan islatzen da". Transmititu nahi den ideia zehatza eta zorrotza izan behar den arren, artistak erabaki behar du zein irudi izango den egokiena helarazi nahi den mezu horretarako, baita zein teknika erabili ere.

Digitala ala analogikoa

Teknikei dagokienez, digitalaren presentzia erabatekoa den honetan, Juaristik berak nahiago du eskuz marraztea. Hala eta guztiz, teknika digitala erreminta bat gehiago bezala ulertzen du. Bi tekniken artean saltoka ibili ohi da ilustratzailea, eta paperaren eta ordenagailuaren arteko konbinazioz sortzen ditu lan asko. "Nik erabat bide lineala ikusten nuen hasieran, eta une oro probatzen eta nahasketak egiten joan behar dela ikasi dut".

Juaristi, bere lan batzuekin. (Leire Ibar)

3D formatuan ere aritu da azpeitiarra. Gaur egun, Araiako gazteluaren aztarnak oinarri harturik, arkeologo talde batekin dabil Juaristi XIII. mendeko eraikina nolakoa ote zen argitzen. Horretarako, eskuz eta xehetasun handiz eginiko irudi orokor bat gauzatzeaz gain, 3Dko bideo batean ere badabil lanean. Bideo horren bitartez, eraikinaren zati ezberdinak ikustea ahalbidetuko dute. Ingeniari lanetan aritu izanaren ondorioz, lengoaia horrekin nolabaiteko harremana badauka azpeitiarrak. 3Dak indar handia duela adierazi badu ere, guztia 3D formatuan eta ordenagailuz egitean, eskuzkoaren xarma puntua galdu egiten duela jakinarazi du.

Uztartzea

Ingeniari lanetan dihardu azken hamar urteotan Juaristik, eta ilustratzaile ofizioa berria badu ere, adierazi du sarritan elkarren osagarri izan dituela bi arloetako jakintzak. "Jakintza guztiak guk uste baino transbertsalagoak dira. Askorentzat zerikusirik ez badute ere, nik aurkitzen diet harremana, batean ikasitako gauzak edo metodologiak beste arloetan ere aplikatzen ditut".

Ingeniaritza munduan lan egin izan duenean ere ideiak paperean taxutzeko zuen ohituraz hitz egin du. Ingenieritza eta ilustrazioa, biak uztartzeko gogoa adierazi du azpeitiarrak. Ingenieritzan irudiaren behar "dezentea" dagoela esan du, eta hor tarte bat eduki dezakeela zenbait lan egiteko. Ilustrazio zientifikoan sortzen diren bestelako proiektuak ere gogoz hartuko lituzkeela dio. "Nire asmoa hori da, gero ikusiko da ea posible den".

Azpeitiarra, Ilustrazio Zientifioaren Lehiaketa irabazteko balio izan zion lana eskuetan duela. (EHU)