Zabalik jarraituko du kiroldegiko jolaserako guneak

Intza Trula 2023ko urr. 27a, 10:18
Kiroldegiko jolasgunea. (Azpeitiko Udala)

Haurrentzat jolasteko gune bat egokitu zuen iaz udalak kiroldegian. Azken asteburuetan proba modura ireki dute gela eta balorazioa "oso ona" izan denez, aurrerantzean zabalik jarraituko duela jakinarazi du Azpeitiko Udalak.

Iaz haurrek jolastu ahal izateko egokitutako guneak zabalik jarraituko du aurrerantzean. Udalak jakitera eman duenez, azken asteotan proba modura zabaldu dute jolastokia eta balorazio "oso ona" izan duenez, datozen asteburu eta jaiegunetan ere zabalik egongo da. Hain zuzen, larunbatetan eta igandeetan 11:00etatik 19:00etara egongo da irekita, jaiegunetan, aldiz, 11:00etatik 12:30era.

Familian egoteko jolas eremua da, beraz, ez da hezitzailerik ezta zaintzailerik egongo bertan eta haurrek ezin dute bakarrik egon. Halaber, arduradun bakoitzarekin gehienez lau haur sartu ahal izango dira gelara, eta arduradun horrek bere izena eman beharko du harreran (gunearen balorazioa egiteko erabiliko dira datuak). Kiroldegiko bazkideek doan izango dute sarrera, eta bazkide ez direnek bi euro ordaindu beharko dituzte.

8 urte arteko haurrei bideratutako jolastokia da, baina anai-arreba txikiagoekin doazenek ere izango dute sartzerik, heldu baten ardurapean. Horrez aparte, hirurogei lagun egongo dira gehienez barruan eta plazak betetzean gunea itxi eta ordutegiak ezarriko dira.

Azpeitiko Udalak materialak "modu egokian" erabiltzea eskatu du, eta jolas eremuan oinetakoak kentzea ere bai. Haur aulkiak ezingo dira jolas gunean sartu.

Azpeitiko Udalaren esanetan "herri hezitzaileen balioak sustatuko" ditu guneak. Honako hauek dira horietako batzuk: jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskalduna izatea, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak bultzatzea.