Euskaltzale Independentisten Topaketak aurkeztu dituzte Azpeitian

Ihintza Elustondo 2023ko ira. 30a, 13:21
Luken Etxabe Euskaltzale Independentisten Topaketak aurkezten, gaur, Basazabalen. (Azpeitiko Udala)

Datorren asteburuan Villabonan Euskaltzale Independentisten Topaketak egingo dituzte, Euskal Herrian Euskarazeko kideek antolatuta. Topaketa horien gaineko azalpenak eman ditu Luken Etxabe antolakuntzako kideak Basazabal jauregian. 

Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) kideek antolatuta, Euskaltzale Independentisten Topaketak egingo dituzte datorren asteburuan, urriaren 7an eta 8an, Villabonan (Gipuzkoa). Hori dela eta, jardunaldien inguruko azalpenak emateko aurkezpen bira egiten ari dira antolakundeko kideak. Azpeitian gaur egin dute aurkezpena, 12:00etan hasita, Basazabal jauregian. Luken Etxabe azpeitiarra antolakuntzan dabil, eta hark gidatu du Azpeitiko aurkezpena.

"Erronka edo helburu nagusia Euskal Herria berreuskalduntzea edota euskararen normalizazio prozesua gauzatzea lirateke. Bide horretan, ezinbestekoa da, gure eguneroko parte diren esparru guztietan eragitea: izan kalean, lanean, pantailetan… Esparru horietan guztietan eragitea ezinbestekoa izango da euskaldunoi euskaraz bizitzea bermatu ahal izateko", nabarmendu dute gaurko saioan, besteak beste.

Mahai inguruak, hitzaldiak, ekitaldi politikoa, manifestazioa, kirol ikuskizunak eta kontzertuak izango dira, besteak beste, Villabonan. Esaterako, Gazteok euskararen borrokan, Euskaldunon aurkako erasoak, Euskararen errepublika eta Tokiko borrokak hitzaldiak eskainiko dituzte. 

Egitaraua

-Urriak 7, larunbata

10:00. Gurea Antzokia: topaketen aurkezpen ekitaldi laburra eta “Euskararen errepublika eraikiz" mahai-inguru nagusia. Azken horretan, bost hizlarik parte hartuko dute: Amets Arangurenek, Amets Arzallusek, Eneko Bidegainek, Estitu Garaik eta Lorea Agirrek. Aurkezle lanetan, berriz, Ekhiñe Atorrasagasti arituko da. Hizlari bakoitza bere eskarmentutik eta eremutik arituko da, hiru galdera nagusiri erantzunez: "Euskararen errepublika zergatik, nola eta nolakoa". 

12:45. Ama Lurra plaza: ekitaldi politikoa. Ondoren, azaroaren 4an, euskararen erasoen aurka Bilbon egingo den manifestaziorako atxikimendu argazkia aterako dute. Jarraian, joaldunak kalez kale.

13:30. Bazkaria.

Arratsaldean. Sei tailer egingo dira, gaurkotasunarekin lotuta, interesa sor dezaketen gaiak hizpide. Hiru tailerrez osatutako bi txanda izango dira, beraz, norbanako bakoitzak bi tailerretan parte hartu ahal izango du.

1. txanda (16:00-17:15): "Kulturgintzaren transmisioa hezkuntzan", "Euskaldunon aurkako erasoen aurrean, zer?" eta "Zein toki du euskarak intersekzionalitatean?".

2. txanda (17:30-18:45): "Gazteok euskararen borrokan", "Pantailak Euskaraz, ezinbesteko erronka" eta "Txispa batek sortzen du sugarra. Tokiko borrokak".

19:00. Elektrotxaranga.

22:00. Kontzertuak: Yogurinha Borova, Gora Etorri eta DJa.

-Urriak 8, igandea

11:00. Irrintzi Elkartea: gosaria.

11:30. Euskal Herrian Euskarazen mural-pintaketa.

12:45. Errebote plaza: pilota-ikuskizuna. Ondoren, marianitada Iratzar tabernan eta Euskaltzale independentiston Toka Txapelketa.