Asteburuan hasi da futboleko Espainiako Hirugarren Mailako 2023-2024 denboraldia, eta ona bezain gozoa izan da hasiera Lagun Onakentzat. Izan ere, lehen garaipena eta hiru puntuak poltsikoratzeaz gain, partidaren hondarrean lortu zituen horiek Azpeitiko taldeak joan den zapatuan, Garmendipen.
Pasaiaren kontra jokatu zuen Lagun Onakek lehen jardunaldiko partida. Bero sapari aurre egin behar izan zioten bi taldeek, baina etxekoentzat are zailago jarri ziren kontuak lehen zatian. Izan ere, galtzen hasi zen Lagun Onak; Soroetak egin zuen Pasaiakoen gol bakarra. lehen zatiaren 19. minutuan. Hala ere, lehen ordu erdia osatu aurretik lortu zuen markagailua berdintzea (1-1) Iban Fagoagaren taldeak; Jagoba Erdoziak egin zuen Lagun Onaken lehen gola, Eñaut Mendiaren pasea baliatuta.
Banako berdinketarekin ekin zioten bi taldeek bigarren zatiari. Eta berdinketa ez zela hautsiko ematen zuenean, partidaren hondarrean, 89. minutuan, sartu zuen Xabi Geretak Lagun Onaken bigarren gola, neurketa erabaki zuena.