Herriko ekonomia sustatzera 400.000 euro bideratuko ditu udalak

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 19a, 10:10
Nagore Alkorta alkatea eta Leire Goenaga zinegotzia joan den ostiralean, udaletxean, sustapen ekonomikoko dirulaguntzen aurtengo deialdia aurkezteko egin zuten agerraldian. (Azpeitiko Udala)

Aurtengoan, iaz baino 50.000 euro gutxiago bideratuko ditu sustapen ekonomikoko dirulaguntzetara, eta bereziki lagunduko ditu industria arloko enpresa txikiak eta ertainak, horiek indartzeko helburuarekin.

Herriko ekonomia sustatzeko helburuarekin, ehun ekonomikoaren parte diren hainbat jarduerari laguntzeko eta herritarren kontratazioak bultzatzeko dirulaguntzak eskatzeko aukera emango du udalak aurten ere. Hain zuzen ere, 400.000 euroko diru saila bideratuko du horretara, aurrekontuetan onartu bezala.

Joan den ostiralean egin zuten aurtengo sustapen ekonomikoko dirulaguntza deialdiaren inguruko xehetasunak azaltzeko agerraldia Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga zinegotziak, eta nabarmendu zuten, babes soziala bermatzearekin batera, herriko ekonomia sustatzea dela Azpeitiko Udalaren lan lerro nagusiena. "Herriko ekonomia indartzeko eta sare sozioekonomikoa sendotzeko helburuz sortu genituen laguntza haiek, eta konpromiso horri heldu diogu aurten ere". Udalak laguntzetara bideratzen duen diru kopurua zein laguntzen dituen jarduerak momentuko beharren arabera egokitu egiten dituztela adierazi zuen Goenagak. "Adibidez, iazko deialdian, Ukrainako gerra zela eta, gasolinaren prezioagatik laguntza berezia jarri genuen garraiolarientzat. Aurtengoan, industria arloko enpresa txiki eta ertainen laguntzetan jarri dugu arreta berezia eta horiek indartu ditugu", zehaztu zuen. Kopuruari dagokionez, aurten iaz baino 50.000 euro gutxiago bideratuko ditu ekonomia sustatzera.

Ohi bezala, lau lerro nagusitan banatu dituzte dirulaguntzak. Lerro horietako batean, zerbitzuetara eta lehen sektorera bideratutako laguntzak izango dira —100.000 euro—; beste batean, industria sektoreko proiektu estrategiko edo berritzaileak eta eraikuntza sektoreko gremioei eta garraiolariei bideraturiko laguntzak –160.000 euro–; hirugarrenean, ekintzailetasuna sustatzera zuzendutakoak, bereziki gizarte ekonomian eta izaera estrategikoa duten jardueretan –65.000 euro–; eta laugarrengoan, langileen kontratazioak laguntzekoak –75.000 euro–.

Laguntza lerroak finkatzeko garaian, sektoreen arteko orekari eustea bilatzen dutela nabarmendu zuten Alkortak eta Goenagak, eta diru kopururik handiena industriara bideratzearen arrazoia sektore horrek herriko eta eskualdeko ekonomian duen pisua dela.

Kontratazioak bultzatzeko laguntzei dagokienez, generoen arteko arrakala murriztu nahi du udalak, era horretako kontrataziei balio handiagoa emanda.  Izan ere, maiatzeko datuek diote Azpeitiko langabezia tasa orokorra %7koa dela, baina gizonenena %4,9koa da, emakumeena %9,4koa den bitartean. Hori horrela, udalak bereziki lagunduko ditu emakumeen eta 45 urtetik gorako herritarren kontratazioak, eta bereziki industria sektorean egiten direnak.

Dirulaguntzen deialdia eta oinarriak udalearen webguneko dirulaguntzen atalean daude eskuragai. Eskaerak aurkezteko azken eguna, berriz, urriaren 15a izango da, eta informazio gehiago edo tramitazioan laguntza behar dutenek, Azpeitia Berritzenera jo dezakete 943-15 71 83 telefono zenbakira deituta edo iazpeitiaberritzen@azpeitia.eus helbidera idatzita, edo Iraurgi Berritzenera, 943-02 60 69 zenbakira deituta edo info@iraurgiberritzen.eus hebidera idatzita.