Zezenarekin hasi dituzte trinitateak Nuarben, aurreikusi baino beranduago

Nerea Uranga 2023ko eka. 3a, 19:27

Anbulantzien faltan, Trinitate jaietako egitarauan aurreikusi baino ordubete geroago bota dute zezena hasteko suziria Nuarben. Astelehenera arte jaiak izango dituzte auzo horretan.

Festak hasteko suziria arratsaldeko lauretan bota dute Nuarben, eta segidan, 16:30erako zezenaren irteera zuten iragarrita festetako egitarauan. Ezin izan da hala egin, ordea, anbulantziak falta zirelako. Hala ere, haiek auzora iritsi bitartean, Nuarben zezenerako bildutako jende multzoak zezena ikusteko hartutako tokitik ez da mugitu. Behin bi anbulantziak iritsi direnean, 17:30 inguruan, atera dute lehen zezena; Arno ganadutegiko zezenak izan dira gaur Nuarben sokan ibili dituztenak.

Zezena erretiratu ondoren, Kantu Jira taldekoak ibili dira kantuan auzoan zehar, eta 20:30ean herri afaria egingo dute. Afalostean, berriz erromeria izango dute auzoan.

Astelehenera arte, Trinitate Bigarrena, festetan izango dira Nuarben.

Egitaraua:

Gaur, larunbata

  • 20:30. Herri afaria.
  • 23:30. Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariekin erromeria.

Bihar, igandea

  • 13:00. Jose Mari Orbegozo Dantzaki dantza eskolakoen emanaldia.
  • 13:00. Urtero herriari eta bisitariei eskaintzen zaien luntxa.
  • 16:30etik 20:00etara. Puzgarriak.
  • 18:00. Porru DJa.
  • Afal aurretik eta afal ondoren, Izer eta Alabier trikitilariekin erromeria.

Etzi, astelehena

  • 17:30. Ume jolasak, tailerrak eta txokolatada.
  • Ilunabarrean, Laja eta Narbaiza trikitilariekin erromeria.