Sanjuandegiko festak 2023

Ianire Segurolak eta Elaia Diazek irabazi dute Sanjuandegiko festetako IX. Trikiti Txapelketa

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 3a, 19:13

Karpa ikus-entzulez leporaino beteta zela jokatu dute trikitixa txapelketa. Araitz Etxaniz eta Onditz Alberdi azkoitiarrek osatutako bikotearentzat izan da bigarren saria.

Sanjuandegiko festen barruan, IX. Trikiti Txapelketa jokatu dute gaur arratsaldean. Sei bikotek parte hartu dute lehian, eta bakoitzak hiru pieza jo behar izan ditu jendearen aurrean; trikitixa, fandango eta arin-arin bana, hain zuzen. Lehiaketaren bueltan, giro polita sortu da karpan, herritar ugari bertaratu baita trikiti lehiak erakarrita.

Bi ordu pasatxo iraun du saioak, eta azkenean, epaimahaiak ebatzi du Ianire Segurola hernaniarrak (Gipuzkoa) eta Elaia Diaz astigartarrak (Gipuzkoa) osatutako bikotea izan dela denetan onena. Bigarren saria, berriz, Araitz Etxaniz eta Onditz Alberdi azkoitiarrek osatutako bikotearentzat izan da.

Txalo zaparradarik handienak, hala ere, Ioritz eta Iraitz Arsuaga anaiek jaso dituzte, azpeitiarrak izateaz gainera, lehian parte hartu duten trikitilaririk gazteenak ere beraiek izan direlako.