Sanjuandegiko festak 2023

Xake txapelketarekin eta judo erakustaldiarekin hasi dute Auzo eguna Xanjuandegin

Nerea Uranga 2023ko eka. 3a, 14:11

Mantangorriren jaitsieraren ondotik, Sanjuandegiko festetako ekitaldiak jendetsuak izaten ari dira. Gaur, Auzo eguneko goiz partean izan diren kirol saioetan ere oparoa izan da parte hartzea.

Goizean goiz hasi dira Auzo eguneko ekintzak Sanjudegiko festetan. Kirol saioak izan dira goiz parte ekintza nabarmenenak. 10:00etan hasi dira Jose Antonio Agirre plazan xake txapelketa jokatzen. Aurtengoan, gainera, partaidetzan marka hautsi dute eta pozik azaldu dira antolatzaileak. 14 urtetik beherakoetan 29 xakelarik parte hartu dute eta helduetan hamalauk.

Batzuk xakean jokatzen ari ziren bitartean, plazaren ondoko errepidean judo erakustaldia egin dute dozenaka gaztetxok. Askotariko jolasak egin dituzte erakustaldia ikustera joan den jendearen aurrean.

Goizean goizetik jendea bildu da Sanjuandegin, eta gaur Auzo egunean askotariko ekintzez betetako festak dituzte auzoan:

Atzo ez ezik, gaur ere egun bete-betea izango dute Sanjuandegin, eta festarako gogoz diren herritarrek izango dute zertaz gozatua. Hona hemen gaurko egitaraua:

  • 15:00etan, auzo bazkaria.
  • 17:00etan, IX. Trikiti Txapelketa.
  • 19:00etan. Skapaie elektrotxaranga, erraldoiak eta buruhandiak.
  • 20:00etan, parrillada, Kontseilu Sozialistaren eskutik.
  • 22:00etan, kontzertuak: Denso Productions eta J Martina.
  • Ondoren, Tinz DJaren emanaldia karpan.