Sanjuandegiko festak 2023

Jaitsi da Mantangorri eta lehertu da festa

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 2a, 19:34

Asteazkenaz geroztik festa usaina nabaria da Sanjuandegin, baina, ofizialki, gaur hasi dira auzoko jaiak, Mantangorriren jaitsierarekin. Jende asko inguratu da jaietako ikurra den maskotaren jaitsiera bertartik bertara ikustera, eta giro ederra sortu da auzoan.

Sanjuandegin da Mantangorri, eta hasi dira auzoko festak. Herenegun eta atzo hainbat ekitaldi izan ziren arren, gaur, ostirala, Mantangorriren jaitsierarekin hasiera ofiziala eman diete jaiei. 19:00etarako jende mordoa zegoen Jose Antonio Agirre plazan zapi eta kamiseta gorriak soinean zituztela, eta ordurako heldu da Mantangorri. Jarraian, kalejira izan da auzoko kaleetan zehar buruhandiekin, erraldoiekin eta trikitilariekin, eta hemendik aurrera, festak ez du etenik izango igande iluntzea bitartean.

Gaur, 20:00etako batukadaren ostean, Gazte Afaria egingo dute, eta, ondoren, areto dantzen emanaldia eskainiko dute Jose Mari Orbegozoren ikasleek. Musikazaleek ere izango dute non gozatua; izan ere, karpan Manitu, Neallta Fola eta Laket taldeen kontzertuak izango dira, eta txosnan Matx, Meriton, P4ul, Enesound, Jos_U eta Kanpax DJak ariko dira musika jartzen.