Lan itunari hautsak kendu arte

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 2a, 09:41

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek bost urte daramatzate lan hitzarmenik gabe, eta greban dira duela bi hilabetetik. Eskualdeko osasun zentroetan agerikoak dira ondorioak.

Osasun zentro bat zerri eginda ikustea ez da ohiko irudia, edo hobeto esanda, ez  luke izan behar, baina dagoeneko herritarrak ohitzen hasita daude egoera horretara. Azpeitiko anbulatorioan –hangoak dira argazkiak–, esaterako, beheko solairura jaisteko zein lehendabiziko solairura igotzeko eskaileren egoera penagarria da, hauts bolaz josita daude, eta antzera daude sarrera eta itxaronlekuak ere. Erabiltzaileen zoritxarrerako, ez da Azpeitiko anbulatorioa baldintza horietan dagoen bakarra; eskualdeko gainontzeko osasun zentroak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste asko ere zikinak hartuta daude, horiek garbitzeko Osakidetzak azpikontratatutako langileak greban baitaude otsailaren 27az geroztik. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2.500 bat langile daude egoera horretan; gehien-gehienak, emakumeak.

LAB sindikatuko garbiketa sektoreko Gipuzkoako arduraduna da Naiara Carvajal, eta hark hedabide honi azaldu dionez, Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek "bost urte baino gehiago" daramatzate lan hitzarmenik gabe: "2017an bukatu zitzaien lan hitzarmena, eta harrezkero mahai negoziatzaileak 54 bilera egin dituen arren, ez da aurrerapausorik egon".

Mahai horretan langileen bi plataforma daudela azaldu du Carvajalek: batetik, gehiengo sindikalarena, alegia, LABek, CCOOk, UGTk eta ESK-k osatzen dutena; eta bestetik, ELA sindikatuarena. "Eskaera den-denetan ez dugu bat egiten, baina homologazioa izango litzateke gure lehentasuna, eta horretan bat gatoz guztiok", esan du LABeko ordezkariak. "Hitz gutxitan esanda, Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek Osakidetzako langileen baldintza berberak izan ditzatela eskatzen dugu", erantsi du. 

Homologazio eske

Carvajalen hitzetan, homologazioaren kontua ez da eskaera berria. "Aurreko lan hitzarmena 2010etik 2017ra artekoa izan zen, eta 2018tik ari gara berria negoziatzen. 2015ean akordioa lortu genuen homologazioari dagokionez, baina 2017an aurreko lan hitzarmenaren indarraldia amaitu zenetik, Osakidetzak ez du errespetatu 2015ean sinatu genuen akordioa, eta horrek galera nabarmenak dakartza langileen lan baldintzetan". Carvajalek azaldu duenez, homologazioak lau oinarri ditu: "Garapen profesionala izatea, hau da, Osakidetzako edozein langilek aukera duen moduan, garbitzaileek ere garapen profesionaleko deialdietara sarbidea izatea; txanda kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea; sistema duinagoa izatea bete gabe dauden lanpostuak betetzeko; eta Osakidetzako langile propioek dituzten zenbait lizentzia eta eskubide izatea".

Mugagabeko grebara jo aurretik, negoziazioak desblokeatzeko hainbat saiakera egin zituztela azaldu du Carvajalek. "Lanuzteak eta protestak egin genituen, eta baita negoziazioetan aurrera egin genezan, bitartekari baten parte hartzea eskatu ere, baina auziaz ezer ez zekien bitartekari bat izendatu zuten, eta horrek ere ez zuen fruiturik eman". LABeko ordezkariak gogor salatu du Osakidetzaren zein patronalaren jarrera, auziari konponbidea topatzen saiatu beharrean, "erantzukizuna elkarri egozten besterik ez" direlako saiatu orain artean. "Osakidetzak dio enpresek dutela beren langileen lan baldintzen ardura, eta enpresek diote Osakidetzak bere gain hartu beharko lituzkeela langileei lan baldintzak hobetzeak ekarriko lituzkeen gastu gehigarriak". Eta bien bitartean, negoziazioek ez aurrera eta ez atzera jarraitzen dute, eta langileek, berriz, beren eskubideen alde borrokan. "Honaino iritsita, ez dugu atzera egiteko asmorik, eta dagokiguna lortu arte borrokan jarraituko dugu", ziurtatu du Carvajalek. ELAk dagoeneko iragarri du gutxienez ekainaren 18ra arte luzatuko duela greba, eta LABek, itxura guztien arabera, oraindik baieztatu ez duen arren, gauza bera egingo du. 

Greba luzatzeak, baina, ez du esan nahi Osakidetzaren osasun zentroetan hautsa pilatzen joango denik. Izan ere, Carvajalek salatu duenez, greban egonagatik zenbait langile behartu egin dituzte aparteko zerbitzuak ematera. "Hasiera batean, %41eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituzten, eta gero, %50ekoak. Tarteka, ordea, aparteko zerbitzuak ematera behartu dituzte zenbait langile, agindua betetzen ez bazuten kaleratuak izateko mehatxupean".