Azpeitiarrek bihar iluntzean hartuko dituzte amezketarrak, final laurdenen itzulerakoan

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 1a, 17:08
Larraulen aurkako kanporaketako partida bateko irudia. (Aitziber Arzallus)

Herriarteko Txapelketako final laurdenetako itzulerako partidak bihar, ostirala, etxean jokatuko dituzte azpeitiarrek, 21:00etan hasita. Joan den asteburuan Amezketan jokatutako joaneko hiru partidak irabazita, Ilunpeko pilotariek esku-eskura dute finalerdietarako txartela.

Azpeitiko pilotariek bihar, ostirala, jokatuko dituzte Herriarteko Txapelketako final laurdenetako itzulerako partidak. Etxean hartuko dituzte amezketarrak, Izarraitz pilotalekuan, 21:00etan hasita, eta gauzak ondo bidean, jaialdiaren bukaeran poltsikoan izango dute finalerdietarako txartela. Izan ere, joan den asteburuan Amezketan jokatutako hiru partidak irabazi zituzten Ilunpeko pilotariek. Horrenbestez, hanka eta erdi finalerdietan dutela ekingo diote biharko jardunaldiari.

Joanekoan, lehen partida Artetxek eta Sarasuak jokatu zuten, eta 22 eta 2 nagusitu ziren. Bigarrena ere, antzerakoa izan zen markagailuari dagokionez; izan ere, Ezamak eta Odriozolak 22 eta 7 hartu zituzten mendean pilotari amezketarrak. Hirugarren norgehiagokan ere, indartsu aritu ziren Egiguren eta Larrañaga: 22 eta 6, azpeitiarren alde.