Sanjuandegiko festak 2023

Motorrak berotzeko, bertso afaria

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 1a, 10:07
Julio Soto eta Iker Zubeldia bertsolariak kantuan, Sanjuandegiko Baigera IIn, atzo iluntzean. (Aitziber Arzallus)

Sanjuandegiko festen barruan, bertso afaria egin dute Baigera IIn. Julio Soto eta Iker Zubeldia aritu dira kantuan, eta jende ugari bertaratu da haiek entzutera.

Sanjuandegiko festei hasiera ofiziala ostiral arratsaldean emango dieten arren, dagoeneko hasiak dira motorrak berotzen. Ohitura den moduan, atzo, asteazkenez, bertso afaria egin zuten Baigera IIn. Afaritarako salgai jarritako txartel guztiak salduta, goraino bete zen jubilatuen jatetxeko jangela. Julio Soto eta Iker Zubeldia aritu ziren kantuan, eta giro ezin hobea sortu zen haien bueltan. 

Gaur ere izango da zertaz gozatua Sanjuandegin. 19:00etan, Kantu Jiraren saioa eta pintxo poteoa egingo dituzte. 22:00etan, mus txapelketa izango da Ongi Etorri jatetxean –21:00etan zabalduko dute izen ematea–, eta ordu berean hasita, iluntzea musikaz girotuko dute Edu Zardoyak eta Sheldonsek.