2023ko ekaineko Uztarria aldizkariaren aurrerapena: Galdutako gauzen biltegia

Maialen Etxaniz - Nerea Uranga 2023ko mai. 31a, 10:32

Uztarria datozen egunetan hasiko da ekaineko aldizkaria bazkideei etxez etxe banatzen. Aldizkarian landutako edukien artean, Udaltzaingoaren galdutako objektuen biltegiaren inguruko erreportajea egin du Uztarriak. Honako hau aldizkariaren aurrerapen bideoa da. 

Ia egunero jotzen du herritarren batek Udaltzaingora kalean aurkitutako objekturen bat eramatera edota zerbait galdu eta inork aurkitu al duen galdetzera. Askotariko gauzak dira han jasotzen dituztenak: giltzak, arropa, sakelako telefonoak, diru-zorroak, bitxiak, audifonoak, hortzordeak, baloiak, patineteak, bizikletak, nortasun agiriak, era askotako txartelak... Objektu horien jabeak aurkitzeko egin ahal guztiak egiten dituzte udaltzainek. Jabea azaldu bitartean bi urtez gordeta izaten dituzte Udaltzaingoan, behin epe hori igarotakoan, eta inor galdutakoa jasotzera azaltzen ez bada, beste erabilpen bat ematen saiatzen dira.

Objektu batzuk Udaltzaingoan bertan gordeta izaten dituzte, bizikletak eta patineteak, berriz, Loiola 91 eraikinean dagoen udal biltegian. Udaltzaingoan jasotako objektuen hirutik baten jabea azaldu ohi da. Iaz 269 gauza erregistratu zituzten, eta horietatik ehun itzuli zizkieten jabeei. Aurten, berriz, maiatzaren aurrenera artean 74 gauza erregistratu dituzte, eta horietatik 29 jaso dituzte jabeek. Bizigabeak bai, baina bizidunak ere jasotzen dituzte udaltzainek; babestuta ez dauden espezieak jasotzeko eskumena baitu udalak. Txakurrak dira batik bat kalean galduta jasotzen dituzten animaliak.