Sanjuandegiko festak 2023

Saio mistoa, lehendabizikoz

Erredakzioa 2023ko mai. 30a, 12:00
Udane Ostolaza eta Olaia Esnaola. (Ibon Errazu)

Igandean, 18:30ean hasiko da herri kirol erakustaldia. Udane Ostolaza eta Olaia Esnaola harrijasotzaileek parte hartuko dute saioan. Uztarriak Sanjuandegiko festak direla-eta kaleratu duen egunkariko edukia da honako hau.

Badira Sanjuandegiko festetako egitarauan leku finkoa duten ekintza edo ekitaldi batzuk. Horien artean dira, besteak beste, auzo bazkaria, Mantangorriren jaitsiera edota Laket taldearen kontzertua. Urteroko hitzordu horien artean da jaietako azken egunean egiten den herri kirol erakustaldia ere. Aurtengoan, baina, berrikuntza nagusi batekin iritsiko da saioa. Izan ere, XJ Auzolaneanek saio mistoa antolatu du lehendabiziko aldiz: "Emakume ugari hasi dira horrelako herri kirol jaialdietan parte hartzen, eta Sanjuandegiko batzordeak horiek ezagutarazi nahi izan ditu", azaldu dute XJ Auzolaneaneko kideek.

Igandean, 18:30ean hasiko da herri kirol erakustaldia Jose Antonio Agirre plazaren ondoan, eta bertan parte hartuko dute Xabier Aranburu Guzta eta Jon Unanue Goenatxo III.a zein Udane Ostolaza eta Olaia Esnaola harrijasotzaileek. Bi emakumeak lehen aldiz ariko dira Mantangorriren bueltako jaietako erakustaldian, nahiz eta herri kiroletan eskarmentua baduten dagoeneko.

Azken urteetan gorakada nabarmena izan du emakumeen herri kiroletako parte hartzeak. Hala jakinarazi du Esnaola harrijasotzaile azpeitiarrak: "Lehenago ere parte hartu izan dut beste saio misto batzuetan; izan ere, azken urteetan emakume gehiago hasi dira herri kiroletan, eta horrek ekarri du saio mistoak egiteko aukera gehiago izatea. Nik pozik hartzen ditut horrelako ikuskizunetarako proposamenak, urte asko igaro ditut-eta neska bakarra izaten gizonen artean. Egia esan, gusturago jarduten dut neska gehiago daudenean".

Goenatxok egin zion saioan parte hartzeko proposamena Esnaolari, eta hark azaldu duenez, "bat-batean" erantzun zuen baiezkoa. Dagoeneko Ostolaza eta biak entrenamenduetan murgilduta dabiltza buru-belarri, eta ekainaren 4ko erakustaldian saio ona eskaintzeko moduan ikusten direla azaldu du Esnaolak: "Astean bitan ari naiz entrenatzen, eta ostegunetan Oriora joaten naiz Udanerengana, elkarrekin entrenatzeko. Ondo prestatuta nagoela uste dut, ni ondo ikusten naiz behintzat, eta gogotsu nago eguna iristeko".

Herrian, berezia

Esnaola, gainera, jaioterrian ariko da igandean, eta berarentzat berezia izango dela aitortu du: "Sanjuandegiko festetan ariko naizen lehen aldia izango da, eta inpresioa egingo dit, ikusten izango diren pertsonak ezagutu egingo ditudalako. Baina gustura nago herrian ariko naizelako, eta azpeitiarrei hara joateko deia egin nahi diet". Ostolaza ere Sanjuandegiko festak ezagutzeko gogoz dago, "ospe handia dute eta!".