Sanjuandegiko festak 2023

Gelditzeko iritsi zen Mantangorri

Erredakzioa 2023ko eka. 1a, 12:00

2010eko festetan agertu zen lehenbizikoz Mantangorri. Garai hartako gazte batzuen ideia izatetik erreferente izatera igaro da gaur egun. Uztarriak Sanjuandegiko festak direla-eta kaleratu duen egunkariko edukia da honako hau.

"Amona mantangorri izango da aurtengo festetako irudia. Kondairak dioenez, amona mantangorri eguraldi iragarlea da, eta eguraldia aldatu ere egin dezake. Hortik dator, hain zuzen, mantangorria hatzamar puntan jarri eta kantuan honako galdera hau egiteko ohitura: Amona mantangorri zeruan zer berri?". Esaldi horrekin aurkeztu zuen Sanjuandegiko Festa Batzordeak Mantangorri.

2010. urtea zen, eta Festa Batzordeak orduan ez bazekien ere, Mantagorri gelditzeko iritsi zen auzora. Izan ere, gaur egun festen ikurrik nabarmenena da maskota. Baina nola sortu zitzaien Mantangorriren ideia? Eta zergatik?

Garai hartako Festa Batzordeko kideak izan ziren sustatzaileak: Haritz Garmendia, Aitor Zinkunegi, Koldo Eizmendi, Joana Aldalur, Felipe Murillo, Hodei Otaegi, Aiora Zenitagoia, Jon Kerejeta, eta Jon Murillo, beste askoren artean.

"Urte haietan puri-purian zegoen Mare Arroxa mugimendua. Hura ikusita, Sanjuandegiko festak ezagutarazteko balioko zuten irudiren bat eta kolore bat behar genituela pentsatu genuen",gogoratu du Aitor Zinkunegik. Horrela, beste hainbat lekutako festak aztertu zituzten, eta proposamen bat eta beste egin ostean, Mantangorriren ideia sortu zitzaien.

"Ez zen irudia mantangorri izateko arrazoi zehatzik egon, baina pentsatu genuen tantodun irudiak eta zapiak bat egiten zutela auzoak zuen eta duen aniztasunarekin. Izan ere, kolore gorria eta puntu beltzak uztartuta, sevillar eta flamenko ukitua hartzen baitu. Ideia polita iruditu zitzaigun", azaldu du Zinkunegik.

Ideia hura hobetsita, Mantangorri abiadura hartzen hasi zen poliki-poliki. Bazordeko kide batek lantokian egin zuen Mantangorri maskota, beste batek kanta sortu zuen unibertsitaterako bidean,beste batek zapiak egin zituen... "Egia esan, asko antolatu gabe egin genituen gauzak. Gazteak ginen, gogotsu geunden eta dena ondo atera zen. Oso giro ona eta saltsa genituen gure artean, eta horrek ere lagundu zuen ideia zoro hura egi bihurtzen".

Urte hartan bertan jaitsi zuten Mantangorri Jose Antonio Agirre plazako etxebizitza batetik. "Inprobisatutako antolakuntza zen gurea, eta horren adierazle izan zen Mantangorriren jaitsiera baino ordubete lehenago sokarik ez genuela ohartu izana... Eskerrak batzordekide bat eskalatzen ibiltzen zen eta bazituen sokak!", azaldu du Zinkunegik.

Mantangorrik 13 urte beteko ditu aurtengo festetan, nahiz eta gorabehera batzuk bizi izan dituen urte hauetan. Izan ere, nola ahaztu maskota lapurtu zuten urteaz? Dena den, festen ikur gisa egonkortuta dago Mantangorri, Sanjuandegiko festak ezingo lirateke ulertu Mantangorri gabe. Hala dio Zinkunegik: "Orduko batzordekideok garai polit bezala gogoratzen dugu sorrerakoa, eta auzoan utzitako arrastoak hunkitu egiten gaitu. Ederra da gure ekimen bat oraindik mantentzen dela ikustea, baita zer indar hartu duen eta zer leku duen ikustea ere".