Gasteizko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Itaiak gaur arratsalderako

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 29a, 10:37
Orioko hilketa matxista salatzeko Itaiak deitutako elkarretaratzeko irudia. (Itaia)

32 urteko emakumezko baten hilotza aurkitu zuten atzo Gasteizen apartamentu hotel bateko logela batean, bortxa zantzuekin. Itaiak 19:30ean hasita egingo du protesta. Udalak, bere aldetik, hilketa matxista salatu du. 

Gasteizen 32 urteko emakumezko baten hilotza aurkitu zuten atzo apartamentu hotel bateko logela batean, bortxa zantzuekin. Ertzaintzak adierazi duenez, indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira kasua, eta haren bikotekide ohia atxilotu dute dagoeneko Zaragozan. Bi asteren barruan Euskal Herrian gertatzen den bigarren hilketa matxista da. 

Urola Erdiko Itaiak gertatutakoa salatzera deitu ditu herritarrak, eta elkarretaratzea egingo dute gaur, astelehena, arratsaldean Azpeitiko plazan, 19:30ean hasita. 

Azpeitiko Udalak, bere aldetik, hilketa matxista salatu du, eta elkartasuna adierazi die biktimaren senitartekoei. Era berean, mugimendu feministak dei ditzakeen elkarretaratzeetan parte hartzera deitu du.