Distopiarekin eta OstiKdarekin amaitu da Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Lehiaketa, epaiaren zain

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 27a, 22:27

Gaurko jardunaldiarekin iritsi da amaierara Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Txapelketa. 19:00etan hasita, Distopia taldeko kideek plazatik Etxe Zurira arteko bidea egin dute eta 20:30ean, berriz, alderantzizko bidea, OstiKda taldekoek. Plazan amaitu dute ibilbidea 22:00ak pasatxo, Tartalo erraldoiarekin dantzan eta jendez inguratuta. 

Amaitu da Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Txapelketa. Gaurkoa izan da maiatzaren 6an hasi zen sariketako azken emanaldia, eta beste aste batez, jendetza atera da kalera. Laugarren eta azken jardunaldian Distopia eta OstiKda taldeek girotu dituzte herriko kaleak. 19:00etan hasita, plazatik Etxe Zurira arteko bidea egingo dute Distopia taldeko kideek, eta 20:30ean, berriz, alderantzizko bidea, OstiKda elektrotxarangakoek. Emanaldi guztiak amaituta, epaiaren zain geldituko dira txapelketan parte hartu duten sei elektrotxarangak. 

Maiatzaren 6an Zumaiako Hamarrurekin estreinatu zuten lehiaketaren bigarren edizioa, eta bigarren jardunaldian, Getariako Elektrotxorongo eta Elektrotxufla, iazko irabazleak, ibili ziren kalez kale beren musika eta ikuskizuna eskaintzen. Joan zen asteburuan Altsasuko Elektrokela eta Azpeitiko Skapaie taldeen txanda izan zen, eta asteburu honetan aritu dira azken bi taldeak, OstiKda eta Distopia.

Gaurko emanaldien ondotik erabakiko du epaimahaiak zein izango den lehiaketaren aurtengo edizioaren irabazlea. 6.000 euro jasoko ditu irabazleak aurten ere. Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatu dute egitasmoa. Iaz, lehen edizioan, Elektrotxufla nagusitu zen.