Nuarben trinitateak ospatuko dituzte ekainaren 3tik 5era artean

Nerea Uranga 2023ko mai. 28a, 08:30
Nuarbeko Trinitate jaietan iaz zezena. (Uztarria)

Zapatu arratsaldean botako dute festetako txupinazoa Nuarben, eta hortik aurrera sokamuturra, kantu jira, herri afaria, erromeriak, dantza saioa, haurrentzako ekintzak eta abar dituzte hiru egunetarako osatu duten egitarauaren barruan.

Datorren zapatuan, ekainaren 3an, hasiko dituzte Trinitate jaiak Nuarben. 16:00etan festetako txupinazoa botako dute, eta sokamuturra izango da segidan. Zezena erretiratu ondoren, Kantu Jira taldekoak ibiliko dira kantuan auzoan zehar, eta 20:30ean herri afaria egingo dute. Afalostean, erromeria izango dute auzoan.

Igandean eta astelehenean, berriz, Trinitate eguna eta Trinitate Bigarrena ospatuko dituzte Nuarben. Bi egunetan erromeriarik ez da faltako, eta Dantzaki taldekoen areto dantzen saioa eta umeentzako ekintzak izango dira nagusi.

Egitaraua:

Ekainak 3, larunbata

  • 16:00. Txupinazoa.
  • 16:30etik 18:30era. Sokamuturra.
  • 19:00.  Kantu Jira poteoa.
  • 20:30. Herri afaria.
  • 23:30. Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariekin erromeria.

Ekainak 4, igandea

  • 13:00. Jose Mari Orbegozo Dantzaki dantza eskolakoen emanaldia.
  • 13:00. Urtero herriari eta bisitariei eskaintzen zaien luntxa.
  • 16:30etik 20:00etara. Puzgarriak.
  • 18:00. Porru DJa.
  • Afal aurretik eta afal ondoren, Izer eta Alabier trikitilariekin erromeria.

Ekainak 5, astelehena

  • 17:30. Ume jolasak, tailerrak eta txokolatada.
  • Ilunabarrean, Laja eta Narbaiza trikitilariekin erromeria.