Sara Azurza: "Kontzertua errusiar mendi baten antzekoa izango da"

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 25a, 16:35
Sara Azurza. (Cecilia Alvarez-Hevia)

Bihar, 22:00etan, Sanagustingo oholtzara igoko da Sara Azurza (Donostia, 1997), Hemen berriro lehen lan luzea aurkeztera. Jarraian, Chica Sobresaltok emango du kontzertua. Sarrerak eskuragai daude Kulturaz.eus webgunean.

Bihar gauean, soul ukitudun pop doinu leunez girotuko du Sanagustin kulturgunea Sara Azurzak. Hemen berriro lehen lan luzea aurkeztuko du bakarlari donostiarrak, 22:00etan hasita. Haren atzetik, Chica Sobresalto igoko da oholtzara.

Biharkoa Azpeitian jotzen duzun lehen aldia izango al da?

Ez, aurretik ere izandakoa naiz, duela pare bat urte edo. Gainera, Sara Azurza izenarekin eman nuen lehendabiziko kontzertua izan zen, eta egia esan, oroitzapen oso onak dauzkat; leku ona da jotzeko.

Hemen berriro zure lehen lan luzea aurkeztuko duzu. Badira hilabete batzuk kaleratu zenuela. Zer moduzko harrera izan du?

Duela ia bost hilabete kaleratu nuen diskoa eta oso pozik nago izan duen harrerarekin, batez ere hedabideetan. Lehenengo aurkezpen kontzertua otsailean eman nuen, eta orain, udaberri aldera, gehiago mugitzen hasi gara. Sekulako ilusioa egiten dit proiektu honekin hara eta hona ibiltzeak.

Zuretzat, artista gisa, zer esan nahi du zeure lehen lan luzea esku artean izateak?

Orain arteko ibilbidean mugarri bat izan dela esango nuke. Urte asko daramatzat musika munduan, beti amets egin izan dut neure proiektu propioa aurrera ateratzearekin, eta ametsa betetzen ari naiz. Hala ere, esan beharra daukat gauza bat dela amestea, eta bestea dela egitea, eta ez garela ohartzen horrelako lan luze bat hasieratik bukaerara egiteak daukan lanaz. Neuretzat, berriz, neure buruari artista izan naitekeela erakusteko modu bat izan da, nire proiektuari adarretatik heltzeko modu bat.

Oso gaztea zinen aurreneko aldiz oholtza batera igo zinenean. Horretara ere ohitu egiten al da bat?

Gurasoek beti esaten didate hitz egiten baino lehenago hasi nintzela kantuan. Umea nintzenetik nabil musikaren munduan, eta egia da oso gazte hasi nintzela oholtzara igotzen, baina beti beste artista batzuei laguntzera, eta orain esan dezaket gauza oso desberdinak direla beste bati laguntzea eta zeure proiektua defendatzea. Neure proiektuarekin gehiago gozatzen dut oholtza gainean, baina presioa askoz handiagoa da.

Zure atzetik Chica Sobresaltok emango kontzertua Sanagustinen. Elkar ezagutzen al duzue?

Ez, nik badakit nor den bera, baina sekula ez gara aurrez aurre egon, eta horretarako ere aukera polita izango da gaurkoa. Chica Sobresalto estatu mailan hara eta hona dabil gaur egun, eta niretzat ohorea da tamaina horretako artista baten aurretik jotzea.

Zer esango zenieke bihar gaueko kontzertura joan edo ez zalantzan dauden horiei?

Etortzeko, ziurrenik Hemen berriro lanarekin Azpeitin berriz ez naizelako izango, eta ondo pasatuko dutela, kontzertua errusiar mendi baten antzekoa izango dela.