Mikel Odriozolak ez du ISBko gizonen lehen taldea gidatzen jarraituko

Julene Frantzesena 2023ko mai. 25a, 08:30
Mikel Odriozola ISBren partida batean. (L. Garcia)

Juaristi ISB taldeko bigarren entrenatzaile izan ostean, taldearen gidaritza hartu zuen bukatu berri den denboraldiaren hasieran. Hark azaldu duenez, ISBn hiru urte eginda, agur esatea egokitzen zaiola sentitzen du. Mailaz jaitsi berri da Juaristi ISB.

Hiru urtez ISBko gizonen lehen taldeko entrenatzaile lanetan aritu ostean, kargua uztea erabaki du Mikel Odriozolak. Juaristi ISB taldeko bigarren entrenatzaile izan zen 2020-2022 eta 2021-2022 denboraldietan, eta bukatu berri den sasoia hasterako hartu zuen taldearen gidaritza. Hark azaldu duenez, baina, ISBn hiru urte eginda, agur esatea egokitzen zaiola sentitzen du. "Argi eduki erabaki hau soilik nirea dela eta ez dela inolako arazorik egon".

Denboraldia ez da nahi bezala joan, ordea, taldearentzat; izan ere, Urrezko LEB Ligatik Zilarrezko LEB mailara jaitsi da Azpeitiko eta Azkoitiko taldea 2022-2023 sasoian. Hala azaldu du Odriozolak erabakiaren berri emateko kaleratu duen idatzian: "Denboraldia ez da nahi genuen moduan bukatu, kirolak zati mingarri hauek ditu, baina bizitzak aurrera darrai eta hala izan behar du".

ISBn "espero ez zuen" esperientzia bizitzea egokitu zaiola esan du Odriozolak, eta eskerrak eman dizkie proiektuan sartu zuten kideei berarekin izan duten konfiantzagatik. "Ametsetan ere ezingo nukeen irudikatu etorritako guztia, gozatutako guztia eta ikasitako guztia". Gainera, hiru urteotan bere ondoan egon diren klubeko kideak izan ditu gogoan.

Halaber, eskerrak eman dizkie entrenatzaile taldea osatu duten kide guztiei, baita zaleei, klubeko boluntarioei, jokalarien gurasoei, zuzendaritzako kideei eta jokalariei ere. "Marea alde zein kontra edukita ere, beti babesten eta beti laguntzen aritu zarete, eta txikitatik zuetariko bat izango banintz bezala sentitu naiz".