Xoxoteko Eguna ospatuko dute igandean

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 24a, 16:26
Iazko Xoxoteko Eguneko irudia. (Lagun Onak mendi bazkuna)

Urtero bezala, hainbat ekintza antolatu ditu Lagun Onak mendi bazkunak Xoxoteko Egunerako. Besteak beste, trikitilariak, txalapartariak, umeentzako tirolina eta paella-jana izango dira igandean Xoxoten. Mendizaleei hara bertaratzeko deia egin diete. 

Lagun Onak mendi bazkunak antolatuta, Xoxoteko Eguna ospatuko dute igandean, hilak 28. Urteroko ohiturei jarraituz, adin guztietako herritarrentzako ekintzak egingo dituzte goizetik eguerdira bitarte, eta mendi bazkunako kideek herritarrei bertaratzeko deia egin diete. 

Goizean, 09:00etan elkartuko dira Azpeitiko plazan, eta handik abiatuko dira Xoxotera. Egun pasa egin nahi duen edonor anima daiteke txangora. Behin aterpera iritsita, festa giroa izango da nagusi, eta izango da zer egin eta zertaz gozatu. 12:00etan, urtero bezala, meza egingo dute, eta ondoren, 12:45ean lore eskaintzaren txanda izango da. 13:00etan egingo dute mendizaleei aitortza egiteko domina banaketa, eta jarraian sabelak betetzeko tartea hartuko dute; izan ere, 13:30ean paella-jana izango da Xoxoteko aterpetxearen atarian. Goizean zehar, gainera, denetarik izango da Xoxoten: trikitilariak, txalapartariak, umeentzako tirolina...