Epaitegietako administrazioko langileek bertan behera utzi dute greba

Nerea Uranga 2023ko mai. 24a, 17:01
Azpeitiko epaitegia. (Nerea Uranga)

Justizia administrazioan greba "etetea" erabaki dute ELA eta LAB sindikatuek, Eusko Jaurlaritzaren aldetik eskaintza "oso interesgarria" jaso ondoren. Proposamena "oso ona" izan arren, auzitegi medikuntzako eta indarkeria epaitegiko langileentzat aurrerapausorik ez duela jasotzen kritikatu dute sindikatuek.

Hego Euskal Herriko justizia administrazioko langileek lanuzteak hasi zituzten apirilaren 17an lan baldintzak Eusko Jaurlaritzaren gainontzeko administraritzatakoekin parekatzeko eskatuz. ELA eta LAB sindikatuek deituta hasi zituzten mobilizazioak, eta joan den astelehenean greba mugagabera jo zuten epaitegietako langileek. Gaur, ordea, greba bertan bertan behera uztea erabaki dute bi euskal sindikatuek, Eusko Jaurlaritzak eskaintza "oso interesgarria" helarazi zielako atzo. Lanuztea "eten" egin dutela azaldu dute sindikatuek, oraindik Jaurlaritzaren eskaintza hitzez bakarrik izan delako.

Jaurlaritzak justizia administrazioko langileei "%13ko soldata igoera" ezartzea proposatu du. Era horretan, Jaurlaritzaren gainontzeko administrazioetako langileen soldataren parekoa izango lukete epaitegietako langileek. Horrez gainera, sektoreak irabazitako beste eskubide batzuei eutsiko liokete langileek. Sindikatuek hutsune bat nabarmendu dute Jaurlaritzak egindako eskaintzan, "auzitegi medikuntzako eta indarkeria epaitegiko langileentzat "aurrerapauso handirik" ez duela jasotzen.

Eskaintzaren berri emateko eta bozkatzeko eguerdian asanbladak egin dituzte langileekin Bilbon, Donostian eta Gasteizen.