370 haurrek eman dute izena Sanjuandegiko Umeen Egunerako

Nerea Uranga 2023ko mai. 24a, 09:53
Iazko Sanjuandegi Umeen Eguneko irudia. (Ihintza Elustondo)

Umeen Egunean begirale aritu nahi dutenentzako bilera deitu dute biharko. Larunbatean, berriz, 12:00etan hasiko dituzte ekintzak. Sanjuandegiko festetako otorduetarako txartelak saltzen ere jarri dituzte.

Sanjuandegiko festen atariko jaieguna ospatuko dute larunbatean: XJ Auzolanean elkarteko kideek antolatutako Umeen Eguna. Maiatzaren aurrenetan izan zen egun horretan parte hartzeko izena emateko aukera, eta 370 haurrek eman dute izena. "Sanjuandegiko festetan haurrei tokia egiteko hasi ginen antolatzen Umeen Eguna, eta harrera bikaina izaten du urtero, baita aurten ere", esan dute antolatzaileek.

Egun horretan begirale aritu nahi dutenentzako bilera antolatu dute biharko. 20:00etan jarri dute hitzordua, Sanjuandegiko auzo lokalean. Gazteak begirale aritzera animatu ditu XJ Auzolanean elkarteak. "Denok jarri behar dugu hondar alea, eta ederki pasatuko dugu", adierazi dute.

Sanjuandegiko Umeen Egunean, larunbatean, 12:00etan elkartuko dira ume eta begirale guztiak Jose Antonio Agirre plazan. Taldeetan banatuta –taldeak "ausaz" egingo dituztela ere azpimarratu nahi dute antolatzaileek–, jolasak egingo dituzte auzoan zehar 13:45era arte; eta 14:00etan berriro elkartuko dira denak plazan, bazkaltzeko.

Bazkalondoan, 14:30ean, jolaserako tartea hartuko dute berriro, eta 15:00etan gurasoekin elkartuko dira; hain zuzen ere, ordu horretatik aurrera haurrak gurasoen ardurapean geldituko direla nabarmendu dute XJ Auzolanean elkartekoek. Eta Umeen Eguneko egitarauarekin bukatzeko, Julen magoak ikuskizuna eskainiko du, 16:00etan, Jose Antonio Agirre plazan.

Otorduetarako txartelak

Larunbatean, Umeen Egunarekin, festarako girotuko dute auzoa, eta gero, maiatzaren 31tik ekainaren 4ra bitartean, festetan sartuko da bete-betean Sanjuandegi. Jaietarako prestatu dituzten otorduetarako txartelak salgai jarri dituzte dagoeneko Jim Clark, Kantoi eta Haginpe tabernetan.

Datorren asteazkenean, maiatzaren 31n, Baigera IIn, 21:00etan hasita, izango den bertso afarirako txartelak 25 euro balio ditu. Julio Soto eta Iker Zubeldia ariko dira bertsotan.

Ekainaren 2ko Gazte Egunean egingo den gazte afarirako txartelak 15 euro balio ditu, eta ekainaren 3ko Auzo Eguneko auzo bazkarirako txartelak, berriz, 12 euro.