Eskuko telefonoen "alde onak eta txarrak" ezagutzeko saioak egingo dituzte ikastetxeetan, gurasoei zuzenduta

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 23a, 14:48
Haurrak mugikorra erabiltzen. (Envato)

Ikastetxe bakoitzean lan saio bat egingo dute gurasoei zuzenduta. Aurrez aurre talde eragileak eta Azpeitiko Udalak antolatu dituzte saioak, mugikorren erabileraz hausnartzen jarraitzeko. Miren Rosek gidatuko ditu saioak. 

Eskuko telefonoaren erabileraren inguruan hausnartzeko, Noiz eta nola eman mugikorra seme-alabei izeneko mahai inguruan egin zuten joan zen apirilaren 26an, herriko ikastetxeetako guraso elkarteek eta Azpeitiko Udalak sustatuta.  Gizartean gero eta kezka handiagoa eragiten duen gaia da mugikorren erabilerarena, eta mahai inguruak izan zuen harrera ikusita, gaiaz hausnartzen jarraitzeko beste saio batzuk antolatu dituzte udalak eta gaia jorratzen diharduen Aurrez aurre talde eragileak.

Teknologia berrien nahiz sare sozialen presentzia gero eta handiagoa da gizartean, gero eta digitalagoa da eguneroko bizimodua, eta horrek haurrengan duen eraginarekin "kezkatuta", guraso elkarteek lanketak egin dituzte nork bere ikastetxean. Gaian sakontzeko eta lanketa herri gisa egiteko beharra ikusi zuten gurasoek, ordea, eta udalera jo zuten orduan. Hala, udalaren eta hiru ikastetxeen artean Aurrez aurre talde eragilea sortu zuten. "Talde eragilearen lehen urratsa mahai ingurua antolatzea izan badazen ere, hemendik aurrera herrian gaiaz hausnartzea eta pausoak ematea da helburua", adierazi dute. Horrenbestez, aurrerantzean ere kontzientziazioa jarduerak antolatzea eta gaiaz hausnartzea nahi dute Aurrez aurre talde eragileak eta Azpeitiko Udalak.  Horretarako, hainbat lan saio antolatu dituzte datozen asteetarako ikastetxez ikastetxe, gurasoei zuzenduta.

Lan saio horietan, Aurrez aurre talde eragilea aurkeztuko dute, eta taldearen nondik norakoak azaltzeaz gain, mugikorren alde onak eta txarrak ezagutzeko lanketa egingo dute. Miren Rosek gidatuko ditu saioak.

Maiatzaren 29an, astelehena, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eskainiko dute saioa, 18:30ean hasita. Guraso guztiei irekita dago, baina batez ere, Lehen Hezkuntzako 5 eta 6 mailako gurasoentzat. Maiatzaren 30ean, asteartea, Iraurgi Ikastetxean eskainiko dute saioa, 17:30ean hasita. Guraso guztiei irekita dago, baina batez ere, Lehen Hezkuntzako 5 eta 6 mailako gurasoentzat. Ekainak 5, astelehenez, eskainiko dute saioa Azpeitiko Ikastola Ikasberrin. 17:00etan eskainiko dute hitzaldia, LH6ko ikasleei, gurasoei eta tutoreei zuzenduta.