Irekita dago Sarralle Grow beken bosgarren deialdia

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 23a, 11:49
Sarralle Grow beken bosgarren edizioaren irudia. (Sarralle)

Datorren ikasturtean zientzia eta teknologia edota enpresen administrazio eta zuzendaritza ikasketak egingo dituzten 18 eta 25 urte arteko emakumeek aurkez ditzakete eskaerak. Bi beka banatuko ditu aurten ere Sarralle enpresak, "gizonen eta emakumeen arteko arrakala teknologikoa geldiarazteko", eta "zuzendaritza postuetan emakumeen presentzia sendotzeko" helburu bikoitzarekin.

Bosgarren urtez jarraian, Sarralle Grow beken deialdia martxan jarri du Azpeitiko Sarralle enpresak, emakume ikasleei. Bi beka banatuko ditu aurten ere Sarrallek, "gizonen eta emakumeen arteko arrakala teknologikoa geldiarazteko", eta "zuzendaritza postuetan emakumeen presentzia sendotzeko" helburu bikoitzarekin. Emakumeak ikasketa zientifikoak egitera bultzatuz "neska gazteen artean sektore zientifiko eta teknologikoetan bokazioak pizten laguntzea" eta "emakumeek zuzendaritza eta erantzukizun postuetan duten presentzia handitzea" ez ezik, "beren alaben unibertsitate ikasketen alde egin dezaten familiei ekonomikoki laguntzea" ere bada Sarralle Grow beken helburua.

Datorren ikasturtean zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika arloetan gradu bikoitza, edota enpresen administrazioan eta zuzendaritzan zein beste espezialitate batean gradu bikoitza egingo dituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 18 eta 25 urte arteko emakumeek aurkez ditzakete eskaerak. Sarralleren webguneko Career atalean daude beka deialdi berriaren oinarri osoak, eta webgunearen bidez aurkeztu behar da eskaera inprimakia ere, uztailaren 21a bitartean; eskaera inprimakian zehaztutako dokumentazioa aurkezteko epea, berriz, irailaren 8an bukatuko da. Irailaren 22an jakinaraziko ditu Sarrallek hautatutakoen izenak.

Sarralle Grow bekak eskuratzen dituztenek ikasturte bakoitzeko mila euro jasoko dituzte, ikasten ari diren bitartean udaro ingeniaritzaren munduan eta Sarralleren departamentu korporatiboetan ordaindutako praktikak egiteko aukera izango dute, eta karrera amaierako proiektua ere Sarrallen egin ahal izango dute.