Epaitegietako administrariek greba mugagabea hasi dute

Nerea Uranga 2023ko mai. 23a, 09:00
Azpeitiko epaitegia. (Nerea Uranga)

Justizia administraziokoen lan baldintzak administrazio orokorrekoenera "parekatzeko" eskatzen dute, besteak beste. Epaitegietako administrarien erdiek baino gehiagok egin dute bat lanuztearekin.

Apirilaren 17an hasi zituzten lanuzteak Hego Euskal Herriko justizia auzitegietako administrariek eta bulegoetako langileek, eta atzotik greba mugagabean dira. "Hasieran, apirilaren erdian, 10:00etatik 13:00etara arteko lanuzteak hasi genituen. Ondoren, maiatzaren 4tik aurreko astera arte, greba egin genuen astean hiru egunez; astearte, asteazken eta ostegunetan. Orain,  justiziako administrariok eskatzen duguna lortu ez dugunez, greba mugagabea hasi dugu", adierazi dute Azpeitiko epaitegiko Miren Alcedo eta Tomas Karrera langileek. 

Zeintzuk dira, baina, haien eskaerak? LAB eta ELA sindikatuek deitu dute lanuztea, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote administrazio orokorreko gainontzeko langileen lan baldintzekin "parekatzeko" epaitegietako administrarien eta bulegoetako langileen baldintzak. Gatazka orain lehertu bada ere, hamar urtetik gorako aldarrikapena da administrazio justiziako langileena; hala azaldu du Begoña Gartzia LAB sindikatuko kideak: "Justizia administrazioko langileok 2010ean sinatu genuen Eusko Jaurlaritzarekin laugarren akordioa, eta han, nolabait, baldintzak parekatzea jaso zen. Gero, 2012an, Jaurlaritzako administrazio orokorreko langileei, negoziazio baten ondorioz, osagarriak aldatu egin zizkieten, baina ez justizia administraziokooi. Ondorioz, ekonomikoki kaltetuta gelditu ginen".

"Lan karga handia"

Jaurlaritzaren administrazio orokorreko langileen aldean, justizia administrazioan "langile gutxi" direla kritikatu du Karrerak, eta langile askok "lan karga handiak" dituztela salatu du; Jaurlaritzaren aldetik, "pixka bat" baztertuta sentitzen direla ere erantsi du. 

Justiziaren eskuduntza osoa Jaurlaritzak izan ez arren, haren soldatapeko langileak direla nabarmendu du Alcedok: "Espainiako Justizia Ministerioak ezarritako araudi berezi batzuk ere baditugu justizia administrazioko langileok, baina gu Jaurlaritzaren langileak gara; soldata Jaurlaritzak ordaintzen digu, errefortzuak nahiz plantilla Jaurlaritzak kudeatzen ditu". Horregatik guztiagatik, administrazio orokorreko langileen "pareko baldintzak" izan nahi dituzte. Justizia administrazioan grebara deitu duten sindikatuen arabera, justizia administrazioko eta administrazio orokorreko langileen soldaten arteko aldea urteko 3.400 eta 4.600 euro artekoa da.

Beren lanpostuei behar besteko baliorik ez dietela ematen ere salatu du Karrerak: "Administrazio orokorrean bezala, gure lanpostuei funtzioak eta mailak zehazteko eskatzen diogu Jaurlaritzari, baina ez dute onartzen hori, badakitelako soldatak asko igo beharko lituzteketela".

Lan baldintzak parekatzea eskatzeko garaian, hiru ordutegi desberdin izatea ere eskatzen dute justizia administrazioko langileek –ordutegi bakarra dute–.

Soldataz eta ordutegiaz haratago, bestelako "ezinegon" batzuk ere badituztela azaldu du Karrerak. "Epaitegien arteko lan karga oso desorekatuta dago; batzuek, besteen aldean, lan karga handia dute. Orain, gainera, sistema informatikoa aldatu dute, eta euskara bigarren mailan gelditu da; bi urteko epea eskatu digute ele bitan lan egiteko. Kaotikoa da egungo egoera", kritikatu du Azpeitiko epaitegiko langileak.

Azpeitiko epaitegiko sarrerako atea, atzo. (Nerea Uranga)

Grebak erantzun ona

Justizia administrazioko langileen ordezkariak Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzen ari dira azken urte eta erdian. Azken asteetako lanuzteak eraginik izan duelakoan dago LAB sindikatuko kidea: "Negoziazioan aurrerapausoren bat eman da, baina oraindik ez dago itxita. Aurreko astean proposamen bat jaso genuen Eusko Jaurlaritzatik, baina horrekin batera, beste bilera baterako hitzordua eskatu genion, negoziazioak ez eteteko. Dena den, dena hitzartuta egon arte ez dugu bertan behera utziko greba".

Justizia administrazioko langileen greba "erantzun ona" izaten ari dela adierazi du Gartziak: "Jaurlaritzak emandako datuen arabera, justizia administrazioko langileen erdiek egin dute bat grebarekin. Gure ustez, ordea, hori ez da datu erreala; izan ere goardiako epaitegiak eta gutxieneko zerbitzuak datu horretan jasota daude. Guk diogu %70eko batez besteko jarraipena duela grebak, eta gure ustez, erantzun oso ona izaten ari da". 

Beste mobilizazioak

Justizia administrazioko administrariena ez da justizian lan baldintzak hobetzeko eta "negoziazio kolektibo propioa" eskatuz aurten egin den lehen greba. Aurrenekoa, urtarrilaren bukaeran, letraduek egin zuten, Espainiako Justizia Ministerioari soldatak igotzeko eskatuz. Lanuzteak epaitegietan kolapsoa eragin zuen. Bi hilabeteren ondoren, ministerioak egindako proposamena onartu zuen Espainiako letraduen gehiengoak, eta martxoaren 27an bertan behera utzi zuten lanuztea.

Letraduen ondoren, baina,  justiziako administrariek hasi zuten greba, CCOOk eta CSIFek deituta. Sindikatuek Justizia Ministerioari egotzi diote "bigarren mailako funtzionario gisa tratatzea justizia administrazioko langileak".

Espainian hasitako protestaren olatura gehitu ziren Hego Euskal Herriko justizia administrazioko langileak ere, LABeko Gartziak azaldu duenez: "Gure eskaera, ordea, lehenagotik zetorren; ordurako, urte eta erdian ari ginen Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzen lan baldintzak parekatzeko eta laugarren akordioa garatzeko eskatuz. Martxoaren 31n bildu ginen Jaurlaritzarekin –ordurako, mahai gainean zegoen Espainiako Estatuko greba deialdia–, eta gure eskaerak betetzeko eskatu genion, bestela  grebarekin bat egingo genuela esanez, aldarrikapenak berdintsuak, eta batzuk, gainera, komunak direlako".

Gartziak azaldu du Hego Euskal Herriko justizia administraziokoen "estatutu juridikoa" Madrilen ere arautzen dela: "Espainiakoen aldarrikapen komunak baditugu, gure kasuan, baina, Eusko Jaurlaritza da ordaintzen diguna, eta harekin negoziatzen ari gara. Beraz, guri dagokigunez, erantzukizuna Eusko Jaurlaritzarena da".