Maiatzaren 29an irekiko dute Kirol Patronatuaren udako ikastaroetan izena emateko epea

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 22a, 17:14

Haurrentzat igeriketa saio trinkoak eskainiko dituzte. Helduentzat, aldiz, pilates, total training, cycling, zumba,  TRX eta igeriketako teknifikazio saioak eskainiko ditu Kirol Patronatuak. Izen-ematea uztailerako, irailerako edo bi hilabetetarako egiteko aukera izango da. 

Azpeitiko Kirol Patronatuak prest dauka udako kirol eskaintza. Urtero bezala, adin guztietako herritarrei zuzendutako saioak eta ikastaroak eskainiko dituzte uztailean zein irailean. Maiatzaren 29an, astelehena, irekiko dute izena emateko epea. 

Haurrei zuzenduta, igeriketako ikastaro trinkoak eskainiko dituzte igerilekuan, uztailean nahiz irailean. Uztailean, hilaren 3tik 21era eskainiko dituzte ikastaroak, astelehenetik ostiralera, egunero, adinaren araberako bi taldetan banatuta. 4 urtetik 6 urtera bitartekoek 10:00etan, 11:00etan, 12:00etan eta 16:00etan izango dituzte saioak. 7 urtetik 13 urtera bitartekoek, berriz, 09:00etan eta 17:00etan. Irailean bestelakoa izango da ordutegia. Hilaren 12tik 29ra eskainiko dute ikastaro trinkoa. 4 urtetik 6 urtera bitartekoek 17:30ean, 18:20ean edo 18:40ean egingo dituzte saioak. 7 urtetik 13 urtera bitartekoek, aldiz, 18:40ean hasita.  

Gazteei eta helduei zuzenduta, askotariko jarduerak prestatu dituzte: pilates, total training, mantenu-gimnastika, cycling, zumba,  TRX eta igeriketako teknifikazio saioak, beste batzuetan artean. Eskaintza eta ordutegi zehatza lotura honetan kontsulta daiteke. 

Maiatzaren 29tik ekainaren 4ra bitartean egongo da jardueretan izena emateko aukera. Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, ikastaroetan gehienezko pertsona kopurua gainditzen den kasuetan, zozketa egingo dute. Parte hartzaileen kopurua beteko ez balitz, epea amaitu ondoren ere izena emateko aukera egongo da, taldeak bete arte. Izen-emate orriak igerilekuko harreran jaso daitezke.

Eskaintzaren inguruko zalantzak edo informazio gehiago nahi izanez gero, igerilekuko harrerara jo edo  943-81 41 21 telefonora dei daiteke.