Eskuzko pilotariek aurrera egin dute Herriartekoan; palistek, ez

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 20a, 16:58

Eskuzko pilotariek Larraulen kontra jokatutako partida guztiak irabazi dituzte, eta horrenbestez, hurrengo fasera pasatzeko txartela eskuratu dute. Palistek, aldiz, Debaren kontra jokatutako lau partidetatik bakarra irabazi dute, eta haientzat bukatu da aurtengo Herriartekoa.

Azpeitiko palistek zein eskuzko pilotariek atzo iluntzean jokatu zituzten Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren lehen kanporaketaren itzulerako partidak. Partida guztiak irabazita, hurrengo faserako txartela lortu dute eskuzkoek; ez, ordea, palistek. 

Eskuzkoek, etxean zuten hitzordua, Izarraitz pilotalekuan, 22:00etan; eta Larraul zuten aurkaria. Abantaila nabarmena zuten azpeitiarrek, joan den astean joaneko hiru partidak irabazi baitzituzten, eta atzokoan ere ez zuten barkatu; jokatutako hiru partidak irabazi zituzten Ilunpeko kideek. Kadete mailan, 22 eta 2 irabazi zuten Iñigo Sarasuak eta Jokin Artetxek. Gazte mailan, Beñat Labaka eta Beñat Ezama 22 eta 11 nagusitu ziren. Nagusietan, berriz, 22 eta 8 irabazi zuten Iker Egigurenek eta Larrañagak. Horrenbestez, Larraulen kontra jokatutako sei partidak irabazita, Azpeitiak patrikan du hurrengo faserako txartela.

Palistentzat, ostera, bukatu da aurtengo Herriartekoa. Joan den astean, etxean jokatutako joanekoan, bi partidatatik bat irabaztea lortu zuten Debaren kontra; atzo, ordea, azpeitiarrek bitik bi galdu zituzten Deban. Larruzko paletan, 35 eta 24 galdeu zuten Eneko Martijak eta Mikel Santxezek; pala motzeko partidan, berriz, 40 eta 25 galdu zuten Asier Egiguren Bikutzek eta Urtzi Lopetegik.