Orioko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute plazan

Andoni Elduaien 2023ko mai. 18a, 20:11
Herriko plazan egin duten elkarretaratzeko irudia. (Aitziber Arzallus)

Dozenaka herritar elkartu dira arratsaldean, herriko plazan. Orioko hilketa matxista salatu dute guztiek, Urola Erdiko Itaiak deitutako elkarretaratzean. "Eraso matxisten aurrean, emakume langileok ez dugu inolako babes sozialik, politikorik edo juridikorik", nabarmendu dute antolakundeko kideek.

Orion asteartean jazo zen hilketa matxista "gogor" salatu dute arratsaldean herriko plazan. Urola Erdiko Itaiak deituta, dozenaka herritar elkartu da herriko plazan, eta salaketa egiteaz gain, eraildako emakumearen familiari nahiz haren ingurukoei "babes osoa" adierazi zizkieten.

Elkarretaratzearen amaieran idatzi bat irakurri dute elkarretaratzearen deitzaileek, eta azaldu dute gizartearen gehiengoa "berdintasunaren alde" lerratzen bada ere, errealitatearen joera "kontrakoa" dela. "Biolentzia matxista kasuak gora doraz, eta forma berriak hartzen ari dira. Iazko urteari erreparatu besterik ez dago; iaz, gutxienez, bost erailketa matxista izan ziren Euskal Herrian, eta astero izaten genuen eraso matxisten berri. Burgesiak ezinbestekotzat du indarkeria matxista bere boterea mantentzeko, eta estatu aparatuek beraien interesetara konfiguratzen dituzte biolentzia forma hauek", adierazi dute.

Azkenaldian politika instituzionaletan feminismoak hartu duen presentzia "aipatzekoa" da Itaiarentzat, baina politika horiek "aurpegi garbiketa egiteko eta etekin ekonomikoak bermatzeko tresna ezin hobea" bilakatu dira antolakundearentzat. "Eraso matxisten aurrean, emakume langileok ez dugu inolako babes sozialik, politikorik edo juridikorik".

Itaiako kideak jakitun dira "egoerak ez duela onera egingo". Horren aurrean, emakume langileen aurkako erasoen aurrean "erantzun eraginkorrak gauzatzeko beharra" azpimarratu dute. "Erasotzaileak seinalatzeko eta erasotuak izan diren emakumeak babesteko, beharrezko antolakuntza bitartekoak garatu behar dira. Indarkeria matxistaren aurkako jarduna eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da indarkeria betikotzen duen egiturazko oinarria borrokatzea. Horrela gizarte kapitalista gainditu eta indarkeria matxistak lekurik izango ez duen gizarte komunista eraikitzera begira kokatzen dugu gure jarduna". Urola Erdiko Itaiak "lanean jarraitzeko konpromisoa" adierazi dute deialdia ixteko.