Polizia bakarra azaldu da bigarren identifikazio saiora, eta Merinok hura ere ez du ezagutu

Nerea Uranga 2023ko mai. 18a, 14:24
Donostiako epaitegiaren aurrean Pasaiako sarraskia argitzeko eskatuz gaur egindako bi elkarretaratzeak. (Pasaiako Sarraskia Argitu)

Pasaiako sarraskiaren kasuarekin lotutako bigarren identifikazio saioa izan da gaur Donostian, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Segadarekin lotuta hiru polizia zeuden deituta saiora, baina bakarra azaldu da.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegian Pasaiako sarraskiari lotutako bigarren identifikazio saioa egin dute gaur, eta martxoaren 28ko identifikazio saiora azaldu ez ziren hiru polizia zeuden epaileak deituta gaurko saiora. Hiruretatik, ordea, bat baino ez da agertu identifikazio saiora, eta Pasaiako segadan bizirik irtendako Joseba Merinok ez du ezagutu.

Epaitegian identifikazio saioa egiten ari ziren bitartean, Pasaia Gogoan taldeak (Pasaian hildakoen kideek eta lagunek) eta Pasaiako segadan hildakoen senideek eta lagunek deituta elkarretaratzeak egin dituzte dozenaka herritarrek, orain dela 39 urte Pasaian izandako sarraskia argitzeko eskatuz.

Santiago Gonzalez senideen abokatua identifikazio saioaren berri ematen, gaur, Donostian. (Pasaiako Sarraskia Argitu)

Identifikazio saioaren ondoren, Santiago Gonzalez Pasaian hildakoen senideen abokatuak eta Pello Aizpuru Pasaian hildako Dioni Aizpururen anaiak hitza hartu dute. Gonzalezek kasuaren nondik norakoen berri eman du, eta gaurko identifikazio saiora deituta zeuden hiru polizietatik bat baino ez dela agertu eta Joseba Merinok ez duela identifikatu esan du. Beste bi poliziak hilda daudela adierazi diotela esan du Gonzalezek, baina salatu du ez diotela heriotza agiririk erakutsi. Bestalde, polizien garai hartako argazkiak eskatu ditu Gonzalezek.

Senideak babes eske

Abokatuaren azalpenen ostean, senideen izenean hitz egin du Aizpuruk, eta azken lau hamarkadetan izandako oztopo judizial guztiak salatu ditu, Calvo Rojas epaileak kasua lehen aldiz artxibatu zuenetik hasita. Epaitegietako "justizia falta" salatzeaz gainera, erakundeen aldetik "errekonozimendua" ere falta dela gogorarazi du.

Pello Aizpuru, gaur Donostian. (Pasaiako Sarraskia Argitu)

Martxoan EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Unesco giza eskubideen eta botere publikoen katedrak, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, Pasaiako kasuaren inguruan egindako txostena zabaldu zen hedabideetan. Giza eskubideen urraketa larriaren kasu paradigmatiko baten aurrean gaudela eta Pasaiakoa "exekuzio extrajudiziala' izan zela adierazten du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak eskatutako txostenak. Senideen eskuetara iristeko hiru urte igaro dira, eta horren inguruko "haserrea eta mina" adierazi zuten senideek.

1984ko martxoaren 22an Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituzten Pasaiako badian. Segada baino egun batzuk lehenago, Rosa Jimeno oriotarra bahitu eta torturatu zuen Espainiako Poliziak, eta bere kideekin Pasaiako badian hitzordua lotzera behartu zuten. Itsasoz iritsi ziren Jimenoren bost kideak Pasai Donibanera, eta tiroka hartu zituen poliziak. Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak bertan hil zituen poliziak; 113 bala zulo zituzten lau gorpuek. Joseba Merino izan zen segadatik bizirik atera zen bakarra. Hildakoen senideek gertatutakoa argitzeko hainbat auzi bide hartu dituzte ordutik.