Hitanoaren inguruko solasaldia eskainiko du Garbiñe Bereziartuak bihar Udal Euskaltegian

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 17a, 16:27
Garbiñe Bereziartua, iaz Orkatzen eskainitako hitzaldian. (Orkatz kultur elkartea)

18:30ean izango da hitzaldia, eta interesa duen oro bertara daiteke. 

Udal Euskaltegiak urtean zehar antolatzen dituen ekintzen barruan, hitanoari buruzko hitzaldia eskainiko du bihar, osteguna, Garbiñe Bereziartua azpeitiarrak. Bereziartua EHUko ikerlaria, hizkuntzalaria eta hitanoaz.eus webgunearen sustatzailea da, besteak beste. Solasaldia 18:30ean hasiko da, eta irekia izango da. Beraz, gaian interesa duen edonor bertara daiteke hitzaldia entzutera.

Ez da Bereziartuak hitanoaz eskaintzen duen aurreneko hitzaldia. Hain zuzen, ikerlari azpeitiarrak Hitanoaren egoera eta Azpeitiko gora-beherak hitzaldia eskaini zuen iaz Orkatz kultur elkartean. Orduko hartan ertz askotatik heldu zion gaiari Bereziartuak: jatorriaz, Azpeitiko erabileraz, zenbait lekutan sortutako gizarte mugimenduez, aparraldiaz, anaitasunaz, ahizpatasunaz eta genero arrakalaz jardun zuen, besteak beste, betiere hitanoa ardatz hartuta.