Orioko hilketa matxista salatu du Azpeitiko Udalak

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 17a, 15:38
Atzo arratsaldean gertatu zen ezbeharra Orioko Arrantzale kaleko parkearen aurrean. (Arnaitz Rubio Aprea)

Hildakoaren senitarteko zein gertukoei "elkartasuna" adierazi dio udalak. Horrez gain, ikastetxeetan hezkidetza programen zein beste hainbat ekimenen bitartez "berdintasuna landuz, indarkeriaren kontra lanean" jarraituko duela azpimarratu du.

Atzo Orion izandako hilketa matxista salatu du Azpeitiko Udalak. Era berean, hildakoaren senitarteko zein gertukoei "elkartasuna" adierazteaz gain, hilketa salatzeko mugimendu feministak antola ditzakeen mobilizazioekin bat egiten duela jakinarazi du erakundeak.

Bi pertsona, emakumezko bat eta gizonezko bat, hil ziren atzo arratsaldean Orion, tiroketa baten ondorioz. Gizonak, kanoiak moztutako eskopeta bat erabili zuen bikotekide ohia hiltzeko. Kale erdian izan zen hilketa, Arrantzale kaleko parkean. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaur goizean egin duen agerraldian baieztatu du atzo jazotakoa hilketa matxista izan zela, eta gertatukoa gogor salatu eta gertaera "arbuiagarria" dela azpimarratu du. Erkorekak adierazi duenez, hildakoa eta hiltzaileak bikotekide ohiak ziren, eta atzo arratsaldean geldituta zeuden, aurrez hitzordua jarrita. Gizonezkoak arma eraman zuen hitzordura, manipulatutako eskopeta bat, emakumeari aurrez aurre egin zion tiro, eta gero bere buruari.

Azpeitiko Udalaren hitzetan, "indarkeria matxista gizon eta emakumeen berdintasun gabeziatik sortutako arazo larria da gizartean". Hori dela eta, Azpeitiko Udalak "giza eskubideen urraketarik" onartuko ez duela adierazi du,"ez Azpeitian, ez beste inon ". Horrez gain,"urraketen aurrean modu aktiboan jokatzea herritarron ardura" dela azaldu du erakundeak. Horrez gain, ikastetxeetan hezkidetza programen zein beste hainbat ekimenen bitartez "berdintasuna landuz indarkeriaren kontra lanean" jarraituko dutela azpimarratu du.

"Erasoren bat gertatzen ari dela ohartuz gero udaltzaingora, ertzaintzara edo larrialdi zerbitzuetara dei dezakete herritarrek. Horretaz gain, egunerokoan ikastetxeetan udalak bultzatutako hezkidetza programen bidez zein beste hainbat ekimenen bidez pertsonen arteko berdintasuna landuz indarkeriaren kontra lanean jarraituko duela berretsi nahi dugu", adierazi du udalak.

Era berean, erasoren bat jasanez gero laguntza jasotzeko telefonoak zeintzuk diren gogorarazi du erakundeak:

  • Udaltzaingoa: 092 edo 943-15 13 13
  • Ertzaintza: 943-08 37 80
  • Larrialdi Zerbitzuak: 112

Elkarretaratzea, bihar

Atzo arratsaldean Orion izandako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Itaiak bihar arratsalderako. Azpeitiko plazan izango da protesta, 18:30ean hasita.