Orioko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Itaiak biharko

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 17a, 12:07
Atzo arratsaldean gertatu zen ezbeharra Orioko Arrantzale kaleko parkearen aurrean. (Arnaitz Rubio Aprea)

Azpeitiko plazan izango da elkarretaratzea, 18:30ean hasita. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaur goizean egin duen agerraldian baieztatu du atzo jazotakoa hilketa matxista izan zela. Segurtasun Sailburuak jakinarazi duenez, ikerketak aurrera jarraitzen du, "oraindik informazio asko biltzea falta delako".

Atzo arratsaldean Orion izandako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Itaiak bihar arratsalderako. Plazan izango da protesta, 18:30ean hasita.

Bi pertsona, emakumezko bat eta gizonezko bat, hil ziren atzo arratsaldean Orion, tiroketa baten ondorioz. Gizonak, kanoiak moztutako eskopeta bat erabili zuen bikotekide ohia hiltzeko. Kale erdian izan zen hilketa, Arrantzale kaleko parkean. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaur goizean egin duen agerraldian baieztatu du atzo jazotakoa hilketa matxista izan zela, eta gertatukoa gogor salatu eta gertaera "arbuiagarria" dela azpimarratu du. Erkorekak adierazi duenez, hildakoa eta hiltzaileak bikotekide ohiak ziren, eta atzo arratsaldean geldituta zeuden, aurrez hitzordua jarrita. Gizonezkoak arma eraman zuen hitzordura, manipulatutako eskopeta bat, emakumeari aurrez aurre egin zion tiro, eta gero bere buruari.

Erkorekak jakinarazi duenez, ikerketak aurrera jarraitzen du, oraindik informazio asko biltzea falta delako. "Momentuz, guardiako epailearen esku dago kontua, baina uste dugu aurki geldituko dela indarkeria matxista gaiak eramaten dituen epailearen esku. Hortik aurrera, Ertzaintzak epailearen agindupean ikertzen jarraituko du".

Orioko Udalak agerraldia egingo du 11:30ean udaletxeko udalbatzar aretoan, herrian gertatutako hilketa matxistaren aurrean. Bertan, alderdi guztiek adostutako adierazpena irakurri du Anuska Esnal alkateak.

Erlazionatuak