Udal eta foru hauteskundeak 2023

Bi alkategai izango dira aste honetako elkarrizketa digitaletan

Elkarrizketa digitaletan parte hartuko duten bi alkategaiak. (Erredakzioa)

Jabier Altuna EAJren alkategaia izango da herritarren galderak erantzuten aurrena, maiatzaren 24an, 18:00etan hasita. Nagore Alkorta EH Bilduren alkategaia, berriz, hurrengo egunean ariko da, maiatzaren 25ean, 10:00etan hasita. Herritarrek dagoeneko bidal ditzakete bi hautagaientzako galderak; elkarrizketak hasi artean bidalitako galderak soilik hartuko ditu kontuan Uztarriak.

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetako kanpainaren azken txanpan, alkategaiekin elkarrizketa digitalak antolatu ditu Uztarria.eus-ek. Hain zuzen ere, EAJren zerrendaburu Jabier Altunaren eta EH Bilduren zerrendaburu Nagore Alkortaren elkarrizketa digitalak izango dira aste honetan.

Altuna izango da herritarren galderak erantzuten aurrena; asteazkenean, hilaren 24an, Uztarriaren erredakzioan izango da, 18:00etatik aurrera. Alkortak, berriz, ostegunean, hilaren 25ean, erantzungo ditu herritarren galderak, 10:00etan hasita. Elkarrizketa horietako bakoitza hasterako bidalitako galderak soilik hartuko ditu kontuan Uztarriak.

Azpeitiko hedabideak, gainera, Elkarrekin Podemosen, PSE-EEren eta PPren zerrendaburuei ere egin die elkarrizketa digitalerako proposamena, baina ez egitea erabaki dute horiek.

Dagoeneko EAJren eta EH Bilduren zerrendaburuei galderak bidaltzeko aukera dute herritarrek: Altunari galderak bidaltzeko egin klik honako lotura honetan; eta Alkortari bidaltzeko, hemen.