Zabalik da udaleku irekietan izena emateko epea

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 15a, 17:55
Iazko udaleku irekiak. (Ihintza Elustondo)

HH2tik LH6ra arteko umeentzat eta gaztetxoentzat udaleku irekiak antolatu ditu Azpeitiko Udalak. Ekainaren 26tik uztailaren 21era arteko eskaintza prestatu du aurten, adinaren arabera banatuta eta hainbat txandatan. DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzendutako eskaintzaren berri datozen egunetan emango dute.

Haurrek eta gaztetxoek aurki bukatuko dute ikasturtea, eta guraso asko hasiak dira oporraldia nola antolatu pentsatzen. Udaleku irekiak aukera bat izan ohi dira, eta Azpeitiko Udalak prest du aurtengo eskaintza 2 urtetik 18 urtera arteko haurrentzat eta gazteentzat. Beti bezala, adinaren arabera osatuko dituzte taldeak, eta bakoitzak bere egitaraua izango du. Honako hauek dira taldeak: Txipristiñak (HH2); Udan Txiki (HH 3); Udan Koxkor (HH4 eta HH5); Udan Jolas (LH1 eta LH2); Udan Mugi (LH3 eta LH4); Udan Alai (LH5 eta LH6); eta Udabentura (DBH eta Batxilergoa).

Txipristiñak, Udan Txiki, Udan Koxkor eta Udan Jolas taldeetako haurrek eta gaztetxoek ekainaren 26tik uztailaren 21era bitartean izango dituzte udalekuak, bi txandatan banatuta: lehenengo txanda ekainaren 25etik uztailaren 7ra artekoa izango da; eta bigarrena, uztailaren 10etik 21ra artekoa. Egunez eguneko egitaraua ixteko dute oraindik, baina txanda bakoitzean irteeraren bat egitea aurreikusten dutela aurreratu dute antolatzaileek, eta gainontzeko egunetan herrian barrena gauzatuko dituztela jarduerak. Txipristiñaken eta Udan Txikin, lehenengo txanda bukatu eta gero aukera emango dute bigarren txandan izena emateko; beste taldeetan, aurrez eman beharko da izena.

Udan Mugin eta Udan Alain, berriz, lau txandatan banatuta egingo dituzte udalekuak: ekainaren 26tik 30era izango da lehen txanda; uztailaren 3tik 7ra, bigarrena; uztailaren 10etik 14ra, hirugarrena; eta uztailaren 17tik 21era, laugarrena.

Udan Alai taldekoentzat –LH5 eta LH6– egunez eguneko egitaraua erabakita dute dagoeneko, eta honakoa da:

 

Izena emateko bi modu jarri dituzte herritarren eskura: bata, online formularioa beteta; eta bestea, Azpeitiko Gazte Informazio Bulegora (Enparan kalea 1-1. solairuan) joanda –astelehen, asteazken eta ostiralean, 10:00etatik 12:30era; eta astearte eta ostegunean, 17:00etatik 19:00etara–. 

Izen ematea ontzat eman ahal izateko, beharrezkoa izango da Laboral Kutxan dagokion ordainketa eginda izatea eta ordainagiria aurkeztea.

DBHkoentzat eta Batxilergokoentzat eskaintza, aurki

DBH1etik Batxilergoko bigarren mailara arteko gazteentzako eskaintza ere ari dira prestatzen, baina horretan Gaztelekuko hezitzaileak eta gazteak ari dira elkarlanean. Bi eratako jarduerak aurreikusten dituzte: batetik, jarduera solteak; eta bestetik, bizpahiru eguneko irteera bat. Gaztelekuko erabiltzaileek dagoeneko badute horren berri eta DBH3ra arteko erabiltzaileen gurasoek ere bai. Irteeran parte hartu nahi dutenak eta hezitzaileak egunotan ari dira nora joan nahi duten erabakitzen; jarduera solteen berri, berriz, zer egin erabakitakoan emango dute.