Sanjuandegiko festak 2023

XJ Auzolaneanek prest du Sanjuandegiko festetarako egitaraua

Julene Frantzesena 2023ko mai. 15a, 15:17
Mantangorriren iazko jaitsierako irudia.

Askotariko ekintzaz betetako egitaraua prestatu du festa batzordeak aurtengorako ere. Jaiak maiatzaren 27an hasiko dira, Umeen Egunarekin, eta maiatzaren 31n nahiz ekainaren 1ean, 2an, 3an eta 4an izango dute segida.

Bi aste eta egun batzuk baino ez dira falta aurtengo Sanjuandegiko festetarako, eta lanak aurreratu dituzte dagoeneko XJ Auzolaneaneko kideek. Izan ere, askotariko ekintzaz betetako egitaraua prestatu du festa batzordeak aurtengorako ere.

Jaiak maiatzaren 27an hasiko dira, Umeen Egunarekin, eta hurrengo egunetan izango dute segida. Urtero legez, festen atarian, bertso afaria, kantu jiraren emanaldia, kontzertuak eta mus txapelketa egingo dituzte, eta ostiralez, ekainaren 2an, Mantangorriren jaitsierarekin hasiko dira festak ofizialki.

Gazte Eguna izango da egun horretan, eta hainbat ekitaldi izango dira herritarren gozamenerako Sanjuandegin. Hurrengo egunean segituko dute festek, Auzo Egunarekin, eta indarrik geratzen zaionak igandean izango du festan jarraitzeko aukera. Izan ere, jaietako azken egunean ere izango dute auzotarrek zer egin eta zer goza.

Honako hau da XJ Auzolaneanek aurtengo festetarako prestatu duen egitaraua:

Maiatzak 27, zapatua

12:00. Elkartu eta jolasak.

14:00. Umeen auzo bazkaria.

16:00. Julen magoaren emanaldia.


Maiatzak 31, asteazkena

21:00. Bertso afaria, Baigeran. Julio Soto eta Iker Zubeldia ariko dira kantuan.


Ekainak 1, osteguna

19:00. Kantu jira eta pintxo poteoa.

21:00. Mus Txapelketako izen-ematea.

22:00. Mus Txapelketa, Ongi Etorri erretegian.

22:00. Iluntze musikatua, Edu Zardoyarekin eta Sheldons taldearekin.


Ekainak 2, ostirala: Gazte Eguna

15:00. Kafea eta auzo lana.

19:00. Mantangorriren ongietorria.

19:05. Kalejira buruhandiekin, erraldoiekin eta trikitilariekin.

20:00. Batukada.

21:00. Gazte afaria.

23:00. Areto dantzen emanaldia.

23:00. Kontzertuak karpan: Manitu, Neallta Fola eta Laket.

Gainera, herriko DJak txosnan: Matx, Meriton, P4ul, Enesound, Jos_U eta Kanpax.


Ekainak 3, zapatua: Auzo Eguna

09:45. Xake txapelketako izen-ematea.

10:00. Xake Txapelketa.

11:00. Judo erakustaldia.

13:00. Udal Musika Bandaren kontzertua.

13:30. Triki-pintxo-poteoa.

15:00. Auzo bazkaria.

17:00. IX. Trikiti Txapelketa.

19:00. Skapaie elektrotxaranga, erraldoiak eta buruhandiak.

20:00. Parrillada, Kontseilu Sozialistaren eskutik.

22:00. Kontzertuak: Denso Productions eta J Martina.

Ondoren, Tinz DJaren emanaldia karpan.


Ekainak 4, igandea

06:00. Txokolatada eta aerobik.

07:00. Zezena.

09:00. Salda.

10:30. Tromboneitor.

12:00. Dantzari txikien emanaldia.

18:30. Herri kirol erakustaldia.

19:45. Boletoen zozketa.

20:00. Mantangorriren agurra.