Igarako errota barrutik ezagutzeko aukera izan dute herritarrek

Ane Olaizola 2023ko mai. 14a, 15:52

Erroten eguna da gaur, eta antzinako makina horrek nola funtzionatzen zuen ikusi ahal izan dute bisitariek, Ekoetxeak antolatutako bisitetan. Eguraldi makurraren eraginez, ez da jende askorik bertaratu.

Gipuzkoako Erroten Egunean, horiek bertatik bertara ikusteko aukera izan dute gaur, igandez. Izan ere, bisita gidatuak egin dituzte inguruko hainbat errotetan, tartean Loiolan dagoen Igarako errotan. Guztira, hiru saio egin dituzte duela 300 urteko errota horretan, baina eguraldi petralaren ondorioz, ez da herritar askorik gerturatu bisitetara.

Kanpoaldeko euri jasa ez bezala, errotaren barrualdera tantaka iritsi dira bisitariak, Ekoetxearen eskutik 11:00etan eskaini duten saioa jarraitzera. Bisitariek interes handiz entzun dituzte errotaren nondik norakoak, eta Sisitaga Errekatik iristen den urari esker errotak artoa nola ehotzen duen ikusi ahal izan dute horiek gertutik.

Gaurko bisita gidatuak ez dira Gipuzkoako Erroten Egunean harira Azpeitian egin dituzten ekintza bakarrak izan. Izan ere, Joxin Azkuek herriko erroten inguruko solasaldia eskaini zuen astelehenean, Sanagustin kulturgunean, Urola Bizirik natur taldeak antolatuta. Era berean, UKTk honako bideo erreportaje hau argitaratu zuen ostiralean, Azkoitiko eta Azpeitiko errotak gaitzat hartuta.