Ikasleek Eskola Agenda 2030en barruan landutakoak eta proposamenak, mahai gainean

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 13a, 11:38
Udaletxeko bosgarren solairuan elkartu ziren ikasleak eta udal ordezkariak Udal Foroa egiteko. (Ekoetxea)

Joan den ostegunean egin zuten ikasturte honetako Udal Foroa. Ikasturtean zehar ingurumenaren inguruan landu dituzten proiektuak, eta 2023-2024an energiaren inguruan garatuko dituztenak hizpide izan zituzten ikasleek.

Eskola Agenda 2030 egitasmoaren barruan urtero lantzen dituztenak udalari aurkezten dizkiete Azpeitiko ikasleek ikasturte amaieran, eta horrela egin dute aurten ere.

Joan den ostegunean egin zuten 2022-2023 ikasturteko Udal Foroa, udaletxeko bosgarren solairuan. Han, bukatzear den ikasturtean ingurumenarekin lotuta herriko ikastetxe guztietan landu dituztenak aurkeztu zituzten ikasleen ordezkariek; eta aurrera begira jarrita, 2023-2024 ikasturtean udalaren laguntzarekin egingo duten energiaren inguruko eskuhartze planerako proposamenak ere jarri zituzten mahai gainean.