Agustin Arenas: "Klik egin aurretik, ondo pentsatzen eta prestatzen dut dena"

Nerea Uranga ('Gipuzkoako Hitza') 2023ko mai. 13a, 15:30
Agustin Arenas. (Mailu Zabaleta)

Agustin Arenas 13 urterekin hasi zen inguruko guztiari argazkiak ateratzen. Gero, 33 urtez, argazki estudio bat izan zuen; 2011n itxi egin zuen, eta hegaztien ehizan aritzen da ordutik argazki kamerarekin. Txorizalea bai, baina, oro har, naturazalea da azpeitiarra. Gipuzkoako Hitzarako egindako elkarrizketa da honako hau.

Elkarrizketarako hitzordua eskatzeko deitu, eta Urola ibaian sartuta harrapatu du kazetariak Agustin Arenas (Azpeitia, 1958). Noiznahi ikus daiteke Arenas Urolaren ibaiertzean edo uretan, hegaztien irudien ehizan. Umetan hasi zen argazkiak ateratzen, txoriei bereziki, eta afizio hura ofizio bihurtu zuen gerora. Argazkiak ateratzeaz gainera, Azpeitiko Zine Klub taldearekin hainbat film egindakoa da azpeitiarra.

Txoriei argazkiak egiten aritzen zara. Sasoi betea al da horretarako?

Udaberria ugaltze garaia da txorientzat, beren gala onenak jantzita ibiltzen dira, lanean bete-betean, kumeak aurrera ateratzen, arrautzak estaltzen eta elkar ezagutzen. Garai bakoitzak du bere interesa, eta bai neguan, bai udaberrian, gauza politak ikusten dira. Beharbada, uda da garairik aldrebesena; lumaberritzen egoten dira hegazti gehienak, eta ezkutuago, isilago ibiltzen dira.

Zergatik txoriak?

Ez dakit zergatik; umetatik daukat afizio hau. Guraso biak baserrikoak nituen, eta amak asko eramaten ninduen [Azpeitiko] Sahatseta baserrira. Han denak ehiztariak ziren; haiek txoriekin zuten harremana oso oinarrizkoa zen: harrapatzen zutenak kazolan bukatzen zuen. Niri han sortu zitzaidan txoriekiko interesa. Behin, osaba Rufinok okil bat tiroz jo zuen, eta nire hanka gainera erori zen, hilda. Niretzako mirari bat izan zen hura, ez nuen ulertzen ezerezetik nola irten zen hegazti hura, hain kolore politekin eta. Une hura gogoan gelditu zitzaidan, eta orain okilarekin dudan istorioa hartatik etorriko da ziurrenik. Gure aita ere oso naturazalea zen, eta mendian ibiltzea asko gustatzen zitzaion; zortzi urte pasatu zituen gerran eta soldaduskan, eta normala gero bakezalea eta mendizalea izatea. Hark asko erakutsi zidan mendian ibiltzen eta naturarekin harremana izaten.

Okilarekin zer istorio daukazu?

Hegazti maiteenetakoa dut, eta urte asko pasatu ditut okila ezagutu nahian. Orain hasi naiz nola funtzionatzen duen pixka bat ezagutzen: zer toki dituen gustukoen, non gustatzen zaion habia egitea… Nik uste nuen basoko hegaztia zela okila, baina ez da horrela; landa eremuan oso eroso egoten da, eta, askotan, guk uste baino erosoago egoten da gugandik gertu.

Urola ibaiertzean ibiltzen al zara, batik bat?

Urola ibaiertzekoa neguko plana dut, batik bat. Orain dela urte asko ibai hori ez zegoen bizirik, arratoi bat edo beste bakarrik ikusten zen han; hondakindegi bat zen, metro erdi bateko aparra eramaten zuen ur gainean beti, Zumarragatik ura gorri-gorri etortzen zen… Gero, pixkanaka, 1990eko hamarkadatik aurrera, araztegiak martxan jarri zituzten, eta ibaiak izugarrizko biziberritzea izan du pixkanaka. 1990eko hamarkadaren hasieran uroiloak azaltzen hasi ziren, ahateak gero, lertxunak eta ubarroiak… Martin arrantzalea beti egon izan da, baina ez zen hainbeste ugaltzen eta ikusten; orain, bai. Ur zozoak erreketako ur garbienetara bakarrik sartzen dira, eta Azpeitiko Azoka plazaren azpian dabiltza egun. Ibaia bezpiztu egin da, eta gaur egun luxu bat daukagu azpeitiarrok. Ez dakit inork ulertuko lukeen Azpeitia ibairik gabe; nik ez. Azpeititik Loiolara ibaiertzetik joanda, espezie pila bat ikus ditzakegu oso denbora gutxian.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.