Landetako anabasa zuzentzen hasteko lehendabiziko urratsa egin du Azpeitiko Udalak

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 9a, 16:05
Nagore Alkorta, Aitzpea Lazkano, Carlos Abadias, Leire Goenaga eta Nekane Azarola atzo, udaletxean. (Aitziber Arzallus)

Kiroldegiko biribilgunearen, Gambil zenaren eta Amueko biribilgunearen arteko zatiari eragingo dion Plan Bereziari hasierako onarpena eman berri dio udalak. Ia 43.000 metro koadro dituen eremua "erabilgarriago eta erakargarriago" egiteko neurriak jasotzen ditu planak, eta epe motzerako zein luzerako hainbat ekintza zehazten ditu. Horretaz gain, eremu horrek duen uholde arriskua murrizteko, Ibaiederren ibilgua zabaltzeko lanak egingo ditu Ura agentziak. 

Azpeitiko Udalak aspaldikoa du Landeta ordenatzen hasteko asmoa, baina eremu horren zabala izanda eta jarduera horren desberdinak biltzen dituen eremua izanda –etxebizitzak, tabernak, merkataritza guneak, industria arina eta industria pisutsua–, ez zaio erraza egin nondik eta nola hasi erabakitzea. "Osoki aktuatzea anbiziotsua zen, baina errealista ez; horregatik, erabaki genuen eremu jakin bat hartzea eta exekutatu daitekeen plan bat prestatzea", adierazi zuen Nagore Alkorta alkateak atzo arratsaldean udaletxean egindako agerraldian. Landetako zati baterako udalak egin duen Plan Bereziaren nondik norakoak azaldu zituzten agerraldi horretan, eta Alkortak alboan izan zituen Leire Goenaga zinegotzia eta planaren lanketa teknikoa egiten ari diren Aitzpea Lazkano eta Carlos Abadias arkitektuak eta Nekane Azarola abokatua.

Udalak hasierako onarpena eman berri dion Plan Bereziak Arretxe kaleak inguratzen duen eremuari eragingo dio; hain zuzen ere, kiroldegiko biribilgunearen, Gambil zenaren eta Amueko biribilgunearen arteko zatiari. 42.945 metro koadroko azalera du eremuak. Lazkanoren esanetan, Plan Bereziak hainbat neurri eta egokitzapen proposatzen ditu, gaur egun han bizi diren herritarrentzat eta martxan diren industria eta merkataritza jarduerentzat eremua erabilgarriagoa eta erosoagoa izan dadin, eta erakargarriagoa izan dadin etorkizunean beste jarduera batzuk martxan jartzeko.

Ildo horretan, planak hainbat eratako ekintzak aurreikusten ditu eremu horretarako, epe luzera begirakoak batzuk, eta epe motzerakoak besteak; horiek guztiak, uholde arriskua murrizteko Ura agentziak egingo dituen lanak kontuan hartuta.

Epe luzera begira, zonalde guztiko errepidea zabaltzea aurreikusten du planak, eta aparkaleku berriak sortzea. Horretarako, gaur egun dauden eraikinek hainbat metro egin beharko dute atzera, baina udalak ez du aurreikusten eraikin horiek botatzerik; pabilioi bat bota eta berri bat eraikitzeko garaian kontuan izan beharreko araua izango da hori. Gainera, jabeak ez ditu metro horiek galduko, solairuarteko planta bat eraikita berreskuratzeko aukera izango baitu. Horrez gain, eremu horretan martxan jarri ahal izango diren jarduera motak zeintzuk diren zehaztuko eta arautuko ditu udalak, eta etxebizitzekin bateragarriak ez diren industria jarduerak jartzea galarazi.

Ezkerrekoa da CNC 92 eraikina. Plan Bereziak eraistea aurreikusten du. (Aitziber Arzallus)

Epe motzera begira, berriz, lau ekintza aurreikusten ditu planak. Horietako batek, kiroldegiko biribilgunetik Gazteko biribilgune aldera abiatu eta ezkerrera har daitekeen lehendabiziko gune horri eragingo dio, Arretxe kaleko 1. zenbakira doan errepidearen inguruari, hain zuzen. CNC 92 eraikina, errepidearen ondoan dagoen adreilu gorrizkoa, botatzea aurreikusten du planak, gune horretan errepidea zabaltzeko eta aparkaleku berriak sortzeko. Helburua espazio publikoa lortzea izanik, beharrezko desjabetzeak egingo ditu udalak, eta bere gain hartuko ditu eraikinak eraisteak eta aparkaleku berriak sortzeak sortuko dituzten gastuak.

Ura agentziak ibaiaren ibilgua zabaldu dezan eraitsi beharko duten eraikina. (Aitziber Arzallus)

Bigarren ekintzak, Arretxe kaleko 18. zenbakian dagoen eraikinari eragingo dio. Eraikin horrek, daukan formagatik, uholde arriskua murrizteko Ura agentziak aurreikusitako ekintzak garatzea oztopatu egiten du. Horregatik, udalak desjabetze bidez esku hartuko du kasu horretan ere, eta desjabetutako lursaila Ura agentziaren esku utziko du, beharrezko lanak gauzatzeko. Eraikina hamasei metro atzeratzea aurrikusten du planak, hiru metro pasatxoko oinezkoentzako bidea, aparkalekuak eta errepidea eraikitzeko.

Beste bi ekintzak izaera pribatukoak izango direla aurreikusten du planak. Horietako batek, Gambil zenaren eraikinari eta haren atzekoari eragingo dio; eta besteak, Arretxe kaleko 17. zenbakian dagoen orubeari. Udalak horien inguruan egingo dituen lanak direla eta, bi gune horiek orain direna baino "askoz erakargarriagoak" izango dira etorkizunean, eta horregatik, gune horietako urbanizatze lanen parterik handiena jabe pribatuek ordaindu beharko dute, baina izango dute aukera udalarekin modu bateko edo besteko akordioak egiteko.

Dagoeneko Plan Bereziari hasierako onarpena emanda, ingurumen tramitazioa egin, argitaratu eta planari alegazioak egiteko epea irekiko da aurki.

Ibaiaren ibilgua zabaltzeko, gaur egungo horma bota egingo du Ura agentziak. (Aitziber Arzallus)