Etzi egingo dute Euskara Mahaiaren urteko bigarren bilera

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 8a, 10:20
Euskara Mahaiaren otsailaren 8ko bilera. (Mailo Oiarzabal)

Besteak beste, mahaiaren funtzionamenduaren oinarriak osatuko dituzte, eta hiztunen ahalduntze eskola martxan jartzeko lanketa hasiko dute. Basazabal jauregian izango da, 18:30etik 20:00etara.

Otsaileko eratze bileran adostu bezala, etzi, asteazkena, maiatzaren 10ean, urteko bigarren bilera egingo du Azpeitiko Euskara Mahaiak. Lehen lauhilekoan egindakoak mahai gainean jartzeaz gain, aurrera begirako pausoak izango dituzte hizpide 18:30etik 20:00etara Basazabal jauregian egingo duten batzarrean. Besteak beste, mahaiaren funtzionamenduaren oinarriak osatuko dituzte, eta hiztunen ahalduntze eskola martxan jartzeko lanketa hasiko dute.

Bost puntu hauek izango ditu etziko bilerak:

  1. Euskara Mahaiaren funtzionamenduaren oinarriak adosten amaitu.
  2. Aurreko lauhilekoan egindako ekimenen berri eman.
  3. Ekintza planeko Azpeitiko hiztunen ahalduntze eskola sortzea. Hiztunek kontzientzia hartzeko beharrezkoak dituzten baliabideak eskaintzea formazioaren eta saretzearen bitartez helburua lantzen hastea.
  4. Datorren lauhilekorako agendaren berri ematea.
  5. Norberak lekarkeena.

Bilera irekia izango da, euskararen erabilera sustatzen interesa duen edonork parte hartu eta ekarpenak egin ditzake Euskara Mahaian.