Luis Miguel Galindo eta Javier Zabalza nagusi, Uztaidun Errekortarien Txapelketan

Ihintza Elustondo 2023ko mai. 7a, 20:17

Lehen aldiz, Uztaidun Errekortarien Txapelketa jokatu dute gaur Azpeitiko zezen plazan. Guztira, zortzi bikotek parte hartu dute erakustaldian. Pablo Rodriguez eta Jesus Pintos izan dira txapeldunordeak, eta Jesus Tanco eta Ruben Alvarez sailkatu dira hirugarren.

Uztaidun Errekortarien Txapelketa jokatu dute gaur Azpeitiko zezen plazan, Kalian Gora elkarte sortu berriak antolatuta. Sekula ez zuen uztaidun errekortarien txapelketarik hartu Azpeitiak; gaurkoa izan da lehendabizikoa. Gainera, adarrak bistan atera dituzte behiak plazara; horrek arrisku handiagoa eman dio erakustaldiari. Urte guztian horrelako lehiaketetan jo eta su ibiltzen diren errekortariak izan dira gaurkoan Azpeitian, batzuk Espainiakoak eta beste batzuk Euskal Herrikoak. Guztira, zortzi bikotek parte hartu dute erakustaldian; horietatik hiru igaro dira finalera, eta azkenean, Arradatik (Nafarroa) etorritako bikote batek jantzi du txapela: Luis Miguel Galindo Kimera eta Javier Zabalza izan dira nagusi. Gaur Amaren Eguna dela eta, haietako baten amari eman diote txapela.

Haien atzetik sailkatu dira Castelloko (Herrialde Katalanak) Pablo Rodriguez eta Jesus Pintos, eta Zaragozako (Espainia) Jesus Tanco eta Ruben Alvarez Pichinillas sailkatu dira hirugarren. Azken unera arte ez da jakin Xabier Iturralde errekortari azpeitiarrak gaurko erakustaldian parte hartuko zuen edo ez, baina oraindik ondo osatu ez dela eta, azkenean ez lehiatzea erabaki du. Dena den, antolakuntzan laguntzen aritu da azpeitiarra.

Uztaidun Errekortarien Espainiako Ligarako puntuagarria izango da gaurko jardunaldia. Erakustaldia amaitzean, zezen bolaztatuak atera dituzte plazara, eta 16 urtetik gorako hainbat herritar animatu da haien aurrean jartzera. Zezen plazan jende ugari elkartu da gaurkoan.