Hamarru taldeak eman dio hasiera Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Lehiaketari

Ihintza Elustondo 2023ko mai. 6a, 22:18

AZTE tabernarien elkarteak eta udalak antolatutako egitasmoaren lehen saioa izan da gaurkoa. Hurrengo hiru zapatuetan, berriz, bina talde ariko dira egun bakoitzean.

Hamarru taldearekin hasi da gaur Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Lehiaketa. Giro bikaina sortu du Zumaiako taldeak Azpeitiko kaleetan. Zazpi elektrotxaranga lehiatuko dira bigarren edizioan, eta gaur lehenengoa ikusteko, entzuteko eta gozatzeko aukera izan dute azpeitiarrek.

Lehiaketaren formatuari dagokionez, lehen ediziokoa errepikatuko dute antolatzaileek. Horrela, egun bakoitzean bi elektrotxarangak eskainiko dute emanaldia Alde Zaharreko kaleetan: batek herriko plazatik Perez Arregi plazarainoko ibilbidea beteko du, 19:00etan hasita; eta besteak alderantzizko bidea egingo du, Perez Arregitik plazaraino, 20:30ean hasita. Formatu hori, ordea, ez da bete gaur; talde bakarra ibili baita kalez kale.

Lehen edizioaren gisan, bigarren lehiaketa ere Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) eta Azpeitiko Udalak antolatu dute. Lehiaketako elektrotxaranga txapeldunak 6.000 euroko saria jasoko du. Lehen edizioa Elektrotxufla taldeak irabazi zuen.

Hona hemen, Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Lehiaketaren hurrengo saioak:

Maiatzaren 13a, larunbata, 19:00etan.

  • Elektrotxorongo eta Elektrotxufla.

Maiatzaren 20a, larunbata, 19:00etan:

  • Elektrokela eta Skapaie.

Maiatzaren 27a, larunbata, 19:00etan:

  • Distopia eta OstiKda.