Adinekoentzako etxebizitza tutelatuen inguruko araudia onartu du udalak, aho batez

Nerea Uranga 2023ko mai. 8a, 09:15
Elizkalean eraiki dituzten etxebizitza tutelatuak ikusten Leire Goenaga zinegotzia eta Baigera elkarteko kideak. (Azpeitiko Udala)

Maiatzeko udalbatzarrean onetsi dute udal ordezkari politikoek adinekoentzako etxebizitza tutelatuetarako sarbidea eta zerbitzuen irizpidea, Eudelek era horretako etxebizitzen gainean duen araudia oinarri hartuta. Elizkalean eraiki dituzten etxebizitzetan udazkenean jendea bizitzen egotea da udalak nahi duena.

Joan den ostegunean egindako maiatzeko udalbatzarrean erabaki zuten adinekoentzako etxebizitza tutelatuen inguruko araudia udal ordezkariek, aho batez. Araudia osatzeko oinarria Eudelek era horretako etxebizitza tutelatuetarako duen araudia erabili du udalak. Orain, araudia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute, eta orduan alegazioetarako epea irekiko da. Ondoren onartu beharko dute araudia behin betiko. Araudi horrek, esaterako, udalak Elizkale 24, 26 eta 28 etxe atarietan eraiki dituen hamabi etxebizitza tutelatuak arautzeko balioko du.

Udalak azaldu du Elizkaleko hamabi etxebizitza horien obra bukatuta dagoela, eta altzariak jarri, atondu eta etxebizitzetarako sarbiderako tramiteak egitea falta dela. Leire Goenaga udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuaren esanetan, udazkenean etxe horietan jendea bizitzen jartzea aurreikusita dute.

Goenaga pozik azaldu da, etxebizitza tutelatuen araudia onartu ostean. Haren arabera, adinekoen zaintzari "arreta berezia" jarri diote azken urteetan, eta "pozgarria da" proiektuek aurrera egitea: "Etxebizitza tutelatuek adinekoentzako zerbitzuak indartuko dituzte. Behar bat antzeman zuen udalak, eta herritarren arazoei eta beharrei
erantzuteko eta hainbat adinekoren bizi kalitatea hobetzeko baliabide publikoak izango dira etxebizitza hauek". Araudia behin betiko onartzen duenean udalak, etxebizitza tutelatuetan bizitzeko interesa duten herritarrek zerbitzua ezagutzeko eta irizpideak betetzen badituzte izena emateko epea zabalduko duela iragarri du udalak.

Elizkaleko etxebizitza tutelatuen inguruko jakin-mina ikusita, eta Baigera jubilatuen eta pentsionisten iritziak eta ekarpenak jasotzeko asmoz, joan den ostegunean Baigerako kideak Goenaga zinegotziarekin etxebizitzak tutelatuak izango direnak barrutik ikustera joan ziren.

Zerbitzua, "bakoitzaren beharretara egokitua"

Mendekotasunik ez edo mendekotasun oso txikia izanda beren egunerokoari aurre egiteko zailtasunen bat duten adinekoei zuzendutako zerbitzua eskainiko du Azpeitiko Udalak Elizkalean eraikitako hamabi etxebizitzetan. Udalak azaldu duenez, "erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokitutako" zerbitzua eskainiko da. Alegia, bertan biziko direnek oinarrizko zerbitzu batzuk jasoko dituzte, eta horiez gain, "bakoitzak bere beharren arabera zerbitzu gehiago eskatzeko aukera" izango du.

Lau solairu ditu Elizkaleko etxebizitza tutelatuen eraikinak, eta beheko solairuan eremu komunak ditu: bulegoa, aisialdirako gurea, komuna, aldagelak, bainugela eta irakurtzeko edo Interneten ibiltzeko txokoa. Goiko solairuetan, berriz, etxebizitzak daude: solairu bakoitzeko, 50 eta 60 metro koadro arteko hiru etxebizitza.