Piaspe proiektu eolikoa

Zaindu maite duzun hori

Sammic lantegiko hainbat langile 2023ko mai. 5a, 13:32
Sammic lantegiko hainbat langile.

Sammic enpresako hainbat langilek honako gutun hau igorri dute, Sañu eta Oleta mendietan eraiki nahi dituzten zentral eolikoak gaitzetsiz.

Azkoitiko Sammic enpresako hainbat langilek bat egiten dugu, Juaristi eta Biele enpresako kideek bezala, Sañu eta Oleta mendietan eraiki nahi dituzten zentral eolikoen aurkako adierazpenean.

Klima aldaketaren mehatxua gero eta nabarmenagoa den garai hauetan (lehorteak, tenperatura altuak, elikagaien burujabetza eza, etab.) eta energia arazo larri baten aurrean gaudela jakitun, gure agintariek planteatzen dizkiguten proiektuekin ez gaude ados. Klima aldaketaren aitzakian saldu nahi diguten energia sorkuntza zentralizatutako planta industrialen beharra epe motzerako interes jakin batzuei erantzuten dien plangintza baten ondorioa da. Gure lurraldeko mendiak, bioaniztasuna eta landa eremuko bizimodua atzera bueltarik gabe kaltetuta utziko lukeen proiektua.

Ez litzateke logikoena energiaren arazoari irtenbidea emateko herriz herriko azterketak egitea? Urrutira joan gabe, Zumarragan herriko eraikuntzetan jarri dituzten eguzki-plakak edota hainbat herritan sortutako komunitate energetikoen sorreraren inguruan hausnartzea? Gure ustez, tamaina honetako erabakiak hartzeko oinarriek honakoak behar lukete: gure beharren azterketa, ingurumenari errespetua eta herritarrentzat onurak.

Gizarteari eta herriak aukeratutako ordezkariei eskatu nahi diegu makroproiektu eolikoak alde batera utzi eta herritarren ongizateari eta naturari errespetua hobesten duten proiektuen alde egin dezatela.

Kantak dioen bezala, zaindu maite duzun hori.

Mendietan zentral eolikorik ez!