Azpeitiko igerilekuan hiru adin txikikori ukituak egiteagatik akusatutako gizona absolbitu egin dute

Ihintza Elustondo 2023ko mai. 5a, 10:42
Estali gabeko igerilekua.

2019ko abuztuan 7 eta 12 urte arteko bi neskari eta mutil bati izaera sexualeko ukituak egin izana leporatzen zioten gizonari, haurrak igerilekuan jolasten ari zirela. Fiskaltzak leporatzen zizkion hiru delituetatik zigorgabetu dute akusatua. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak nabarmendu du haurrei ukitu horiek egin zizkiela baieztatzeko "froga sendorik" ez dagoela. 

Azpeitiko Udal Igerilekuan hiru adin txikikori izaera sexualeko ukituak egiteagatik gizon bat epaitu zuten iazko abenduan Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, eta EFE berri agentziak jakinarazi duenez, absolbitu egin dute akusatua. Ukituak 7 eta 12 urte arteko bi neskari eta mutil bati egin izana leporatzen zioten akusatuari, haurrak igerilekuan jolasten ari zirela. Fiskaltzak bederatzi urteko kartzela zigorra eta bost urteko zaintzapeko askatasuna eskatu zituen gizonarentzat, baita hiru urtez biktimengana hurbiltzea eta haiekin komunikatzea eragoztea ere. Dena den, Fiskaltzak leporatzen zizkion hiru delituetatik zigorgabetu dute akusatua.

Ebazpenaren aurretik Fiskaltzak idatzi zuen behin-behineko akusazioaren arabera, 2019ko abuztuaren 3an, 19:00 aldera, egin zituen gizonak ukituak, igerilekuan jolasean ari ziren adin txikikoekin hitz egiten hasi zenean. Dokumentuak jasotzen zuenez, "dirudienez", auzipetua haurrak "entretenitzen" hasi zen, eta "jolasaren bueltan sortutako abagunea bere benetako helburua ezkutatzeko baliatu eta haiei ukituak egiteko aprobetxatu" zuen. Fiskaltzaren arabera, akusatuak 8 urteko neskato bati ipurdia ukitu zion bainujantziaren gainetik, sexu organoak ukitu zizkion 12 urteko neskato bati, eta zakila 7 urteko mutiko bati, bainujantziaren gainetik.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak nabarmendu du akusatuak haurrei ukitu horiek egin zizkiela baieztatzeko "froga sendorik" ez dagoela. EFEren arabera, etxebizitza tutelatu batean bizi ziren orduan haurrak, eta igerilekutik atera zirenean, biktimetako bik beren tutoreari esan zien gizonak "bagina eta ipurdia" ukitu zizkiela, baita beste adin txikikoari "zakila ukitu" ziela ere. Auzitegiak ondorioztatu du biktimek helarazitako informazioak "fidagarritasun nahikorik ez" duela.

"Lekuko bakar bat ere ez"

Auzitegiaren ebazpenak dio akusatuak "irmo" ukatu duela ukitu horiek egin izana. Hark gogoratu du gertakariak abuztuko egun batean izan zirela, "publikoaren aurrean", eta bere aldetik "jokabide gaitzesgarririk ikusi zuen lekuko bakar bat ere" ez dagoela. Era berean, ebazpenak jaso du haurrekin igerilekura joan zen gizarte langileak ez zuela "ezer arrarorik" nabaritu, ezta egun hartan han zeuden langileek eta sorosleek ere. Horrez gain, igerilekuan hainbat segurtasun kamera daude, instalazioetan unean-unean gertatzen ari dena ikustea ahalbidetzen dutenak, eta egun hartan ere funtzionamenduan ziren.

Ebazpenaren arabera, haurrek kontatutako gertakariak ez dira akusatuak "une iragankor" batean gauzatzekoak eta igerilekuan hainbeste jende zegoen une batean "oharkabean" pasatzeko modukoak. Gainera, haurrek nabarmendu dute ukituak jasatean, "belarrondoko" eta "ukabilkada" banarekin aurre egin ziotela gizonari.