Erretratua

Inge Beloki: "Nahiago ditut aurrez aurreko klaseak, aberasgarriagoak dira"

Leire Ibar 2023ko mai. 27a, 11:00
Inge Belokiren erretratua. (Olatz Alkorta)

Hogei urtetik gora daramatza Belokik euskara irakasle lanetan. Ikasten ari zen bitartean hasi zen Gasteizen AEKn lanean, eta egun, Azpeitiko Udal Euskaltegian aritzen da. Irakasteko moduak eta eskaintza aldatu eta zabaldu egin dira azken urteetan. Euskara ikasleek egiten duten lana eta ahalegina nabarmendu ditu azpeitiarrak. 2023ko apirileko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Euskal Filologiako ikasketak 2001ean amaitu, eta orduz geroztik, euskara irakasten dihardu Inge Belokik (Azpeitia, 1978). Azpeitiarrak argi dauka benetan gustatzen zaiona euskara irakastea eta helduekin lanean jardutea dela. "Nire burua ez dut irudikatzen ogibide honetan ez den beste arlo batzuetan lanean". Ia hogei urte daramatza Azpeitiko Euskaltegian euskara irakasten, eta euskara ikasteko edota hobetzeko pausoa ematen duen jendearekin lan egitea "oso aberasgarria" dela adierazi du. "Haiengandik ere asko jaso dezakezu; izan ere, kultura ezberdinetako jenderekin harremantzea ahalbidetzen du, baita beste jakintza arlo batzuetako jendea ezagutzea ere".

Gaztetan hasi zen Beloki euskara irakasten. Izan ere, Gasteizen Euskal Filologiako gradua egiten ari zenean AEKn jardun zuen lanean. "Ikasketak lanarekin uztartzen nituen diru pixka bat irabazteko". Lizentziatura amaitu ostean, Azpeitira itzuli eta AEKn denbora batez lanean aritu ondoren, ikastetxe batean aritu zen urtebetez irakasle lanetan. Hala ere, garbi ikusi zuen hura ez zela gustuko zuen lanbidea. "Hezkuntza baino gehiago gustatzen zait hizkuntza irakastea". Hori ikusita, Donostiako euskaltegi batera egin zuen salto, eta 2004az geroztik, Azpeitiko Udal Euskaltegian aritzen da lanean.

Asko izan daitezke norbanakoa euskara ikastera edota hobetzera bultzatu dezaketen arrazoiak edo motibazioak. Euskaltegira joaten den eta euskararen inguruko jakintza gutxi duen jendearen motibazio nagusia behar batetik sortzen da sarri. Gizartean eta herrian integratzeko beharretik, hain zuzen. Euskarazko A1 maila lortzeko klaseetara joaten den jende asko jatorriz Euskal Herritik kanpokoa dela jakinarazi du Belokik. Azpeitia euskararen erabilera altua duen herria izanik, harremanak eraikitzeko eta bertakotzeko tresna moduan ikusten dute herritar askok euskara. "Askok kontatzen dutenez, Azpeitira etorri zirenean ez zekiten gaztelaniaz gain beste hizkuntza bat hitz egiten zenik. Bat baino gehiago dira hona etorritakoan ezustekoa hartzen dutenak".

Euskaraz hitz egiten jakitea lana lortzerakoan erraztasunak izateko baliabidea ere bada Azpeitian eta inguruetan. Horri estuki lotuta dago herritarrek euskara titulazioak lortzeko duten nahia. Belokik jakinarazi duenez, euskara maila altuagoa eskuratu nahi duen jendea titulua (B2, C1, C2) lortzeko helburuarekin joaten da sarri Euskaltegira. "Orain dela urte batzuk, alfabetatzeko, euskaraz ondo idazteko edo euskara maila hobetzeko xedearekin etortzen zen jendea Euskaltegira. Gaur egun, ordea, jende asko tituluaren bila etortzen da". Hala eta guztiz, euskararekiko sentsibilitatea duen jendea ere badagoela adierazi du, euskara borondatez hobetzera joaten dena. Hark azpimarratu duenez, baina, garai batetik hona titulua edukitze horrek "protagonismo eta pisu handia" hartu du goi mailetan.

Titulua lortzea helburu izanda ere, "ahalegin handia eta lan asko" eskatzen du euskara ikasteko prozesuak. Asko dira hasieran euskara ikastea "ezinezkoa" dela esaten dutenak. Hala azaldu du: "Hizkuntza ikasteko zenbat urte behar diren galdetzen digute; badirudi bizitza osoa pasatu behar dela horretan". Eta azpeitiarrak baieztatu du zentzu batean arrazoia dutela. Izan ere, beste herrialde batzuetara joanez gero, hizkuntza normalizatuekin topo egin ohi da; esaterako, Ingalaterrara joanez gero, ingelesa jakin behar da nahitaez, eta horrek ikasketa prozesua bizkortu egiten du. Euskara hizkuntza gutxitua den momentutik, eta eguneroko bizitzan gaztelaniaz molda daitekeela kontuan hartuta, horrek hizkuntzaren ikasketa prozesua "zaildu" egiten duela uste du. Hala eta guztiz, azpeitiarrak adierazi duenez, kontuan izan behar da euskara ikasle askok egiten duten ahalegina: Euskaltegira astean hiru edo lau aldiz joan eta egunero bi orduko lana egin behar izaten dute. "Gainera, askoren egoera ez da erraza, lan egonkorrik ez dutelako, hala moduzko ordutegiak dituztelako eta abar".

Gramatikatik at

Ikasketa prozesua ikasle bakoitzaren testuinguruan ulertzea beharrezkoa bada ere, ikasketa metodoek ere pisu handia dute. Belokik esan duenez, azken urteetan "asko aldatu" dira irakasteko moduak, asko profesionalizatu dira. Lehen, irakasten zen edukiaren zati handi bat gramatika izan ohi zen (aditzak, deklinabideak...). Gaur egun, ordea, hori aldatu egin da, Europako hizkuntzen erreferentzia marko estandar bat dagoelako, eta horretara egokituta daudelako bai titulazioa, bai irakasteko modua. Gramatika baino askoz gauza gehiago hartzen dira kontuan orain, ikasitako hura aplikatu ahal izatea baita helburua. "Metodologiak orain gehiago bideratzen dira komunikaziora, hizkuntza komunikatzeko delako". Klasean landutako hori Euskaltegitik kanpo aplikatzea "beharrezkoa" dela adierazi du Belokik. "Askori gertatzen zaie, euskaltegian euskaraz mintzatu eta handik irtendakoan gaztelaniara jotzea". Euskaltegitik kanpo euskarari jarraipena emateak duen garrantzia azpimarratu du, halaber; aurrera egiteko eta azkar ikasteko gakoa hori dela adierazi du.

Metodoekin jarraikiz, Azpeitiko Udal Euskaltegian autoikaskuntza sistema bidez ikasteko aukera ere eskaintzen dute. Zuzendariak jakinarazi duenaren arabera, Azpeitian betidanik izan dute autoikaskuntza edo online klaseak ematen hasteko ideia. "Gizartea aldatzen ari da, eta aspalditik geneukan klaseak jasotzeko modu berri horretara salto egiteko erronka". Pandemiaren testuinguruan klaseak online ematen hasteko beharra ikusi zuten, eta egun, aurrez aurreko klaseez gainera, halako saioak ere eskaintzen dituzte. Autoikaskuntzak "bakarkako lan asko" eskatzen duela nabarmendu du euskara irakasleak, baina "profil jakin bateko ikasleentzat baliagarria" delakoan dago. "Nire ustez, baina, aurrez aurrekoak eman ditzakeen gauza asko galtzen dira bidean. Dena den, jende askori balio dio online eskaintzak. Hala ere, nik nahiago ditut aurrez aurreko klaseak: askoz aberasgarriagoak dira, eta jendearekin beste modu bateko harremana eraikitzen da horietan".

Erreferenteen garrantzia

Ikasketa prozesuan testuinguru soziala kontuan hartzea ezinbestekoa da, Belokiren arabera. Kontuan izan behar da Internetetik edo sare sozialetatik jasotzen diren edukien zati handi bat gaztelaniazkoa edota ingelesezkoa dela.

Interneten edukiak euskaraz sortzen dituztenen erreferentziarik ez izatearen auziak kezkatzen du euskara irakaslea: "Gazteek aisialdian asko kontsumitzen dute Youtube plataforma. Youtuberrek egiten dutena erreproduzitzerakoan, gaztelaniaz aritzen dira nerabeak. Nahiz eta egunerokoan euskaraz jardun, gauza batzuk gaztelaniarekin lotuta egiten dituzte". Horrek ondorioak ekartzen ditu euskarazko espazioak mantentzerakoan. "Jakinekoa da gaztelaniazko edo ingelesezko edukiek indar handiagoa dutela, baina euskarazko erreferenteen presentzia egotea garrantzitsua da".

Euskararen egoera osotasunean hartuz gero, eremu ugaritan oso presentzia xumea duela agerikoa da. Azpeitian, baina, bestelakoa da egoera gaur-gaurkoz; Belokiren arabera, Azpeitia "oasi" moduko bat da zentzu horretan. Dena den, Azpeitia euskararentzako arnasgune izanagatik eta kale erabileraren inguruko azken datuak "oso onak" izan arren, gaztelaniaren zein beste hikuntzen presentzia gero eta handiagoa den sentsazioa duela adierazi du Belokik: "Arnasgune garela kontziente izan behar dugu, eta jakin behar dugu guk auzi honetan dugun papera oso garrantzitsua dela".