Sanjuandegiko festak 2023

Sanjuandegiko Umeen Egunean parte hartzeko izena bihar eta etzi eman beharko da

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 4a, 17:30
Itxura hau hartu zuen iaz Jose Antonio Agirre plazak Sanjuandegiko Umeen Eguneko bazkarian. (Ane Olaizola)

Maiatzaren 27an ospatuko dute aurtengoa. HH4 eta LH4 arteko umeek eman dezakete izena, ostiral arratsaldean edo zapatu goizean, XJ auzo lokalean. "Izen ematearen datak errespetatzeko ardura" hartu eta "salbuespenik ez" dutela egingo aurreratu dute antolatzaileek, "ezta egunean bertan gerturatzen direnekin ere".

Sanjuandegiko festen atariko jaiegunak badu data: maiatzeko azken larunbatean, hilaren 27an, izango da XJ Auzolanean elkarteko kideek antolatutako aurtengo Umeen Eguna. Hiru aste pasatxo falta dira urtero herriko haur eta gaztetxo ugari elkartzen dituen egun hori ospatzeko, baina maiatzaren 27ko ekintzetan parte hartu nahi dutenek bihar eta etzi, maiatzaren 5ean eta 6an, eman beharko dute izena.

Haur hezkuntzako (HH) 4. eta 5. mailetan eta Lehen Hezkuntzako (LH) 1., 2., 3. eta 4. mailetan dabiltzan umeek eta gaztetxoek eman dezakete izena Sanjuandegiko Umeen Egunerako. Bihar, ostirala, 17:00etatik 20:00etara bitartean, eta etzi, larunbata, 10:00etatik 13:00ak bitartean eman ahalko da izena XJ auzo lokalean (igerilekuetako eraikinean).

Antolatzaileek azpimarratu dute ezarritako bi egun horietan izena ematen dutenek bakarrik izango dutela maiatzaren 27ko ekintzetan parte hartzeko aukera; "izen ematearen datak errespetatzeko ardura" hartu eta "salbuespenik ez" dutela egingo aurreratu dute XJ Auzolaneanekoek, "ezta egunean bertan gerturatzen direnekin ere". Ordainari dagokionez, aurreko urteren bateko kamiseta erabiliko dutenek sei euro ordaindu beharko dute izen ematea; kamiseta berria nahi edo behar dutenek, berriz, zortzi euro.

Egitaraua, prest

Sanjuandegiko Umeen Eguneko egitaraua prest dute antolatzaileek. 12:00etan elkartuko dira ume eta begirale guztiak Jose Antonio Agirre plazan. Taldeetan banatuta –taldeak "ausaz" egingo dituztela ere azpimarratu nahi dute antolatzaileek–, jolasak egingo dituzte auzoan zehar 13:45era arte; eta 14:00etan berriro elkartuko dira denak plazan, bazkaritarako.

Bazkalondoan, 14:30ean, jolaserako tartea hartuko dute berriro, eta 15:00etan gurasoekin elkartuko dira. Hain zuzen ere, ordu horretatik aurrera haurrak gurasoen ardurapean egongo dira. Eta Umeen Egunaren egitaraua bukatzeko, Julen magoak ikuskizuna eskainiko du Jose Antonio Agirre plazan.

Maiatzaren 27ko Umeen Egunaren gainean informazio gehiago behar dutenentzat edo zalantzak argitu nahi dituztenentzat telefono zenbaki hau eman dute antolatzaileek: 645 47 17 00.